EUROPAKO BATASUNA. Gehiengo osoak babestu du Barroso presidentetzarako

Popularrek ez ezik, kontserbadoreek, liberalek eta sozialisten erdiek hautatu dute beste behin Europako Batzordeko buru

Leire Ventas - Ixiar Zubiaurre
2009ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Pasioa eta ardura. Izenburu horixe jarri zion Jose Manuel Durao Barrosok herenegun Europako Legebiltzarreko kideen aurrean irakurri zuen testuari. Ez zuenentzuleen artean lehenengoa piztu. Aurreko agintaldiko soslaiari eusten dio, izan ere: Europako Batzordeko presidente epelenetakoa izan da, iniziatibarik gabea. Baina legebiltzarkideak suhartu ez bazituen ere, liberalak konbentzitu eta sozialistak zatitzea eta haietako zenbait alde jartzea lortu zuen. Hala, gehiengo osoarekin eutsiko dio karguari.

Ekainaren 18an Europako Batasuneko kide diren estatuetako buruek Durao Barrosoren hautagaitza babestu zuten, aho batez. Eta atzo igaro zuen Legebiltzarreko iragazkia. Hautagai bakarra zen, eta Estrasburgoko 736 diputatuetatik 382k eman zioten oniritzia; 219k kontra bozkatu zuten, eta 117 abstenitu egin ziren.

Europako Batzordeko presidente izateko gehiengo soila aski bada ere - hala zehazten du Nizako Itunak-, Portugalgo lehen ministro izandakoak gehiengo osoa eskuratu du. Lisboako Ituna noizbait indarrean jarrita ere, egonkortasuna bermatuko dio horrek. Arau multzo berriak gehiengo osoa exijituko du soilaren tokian. Hori hala, eskema berriaren baitan, atzoko bozketa berriz egin beharko luketela uste du hainbat alderdik.

«Eskerrak eman nahi dizkizuet nigan konfiantza izateagatik», adierazi zien Durao Barrosok legebiltzarkideei, bozketa amaitu bezain laster. «Nire programak Europako Legebiltzarrean izango duen babesaren erakusgarri dela uste dut». Era berean, elkarlanerako konpromisoa hartu zuen berak ere: «Europa solidario etaaskearen aldeko talde politiko guztiekin egingo dut lan».

Betikoak eta berriak alde

Aldeko boto mordoxka EPP Europako Alderdi Popularretik jaso ditu Durao Barrosok, talde horrek baititu eserleku gehien Legebiltzarrean; 265, hain zuzen. Durao Barroso talde horretako kide da, eta popularrek beraiek proposatu zuten bigarren aldiz presidentegai gisa. Hori hala, pozik ziren atzo: «EPPrentzat garaipen handia da», adierazi zuen Joseph Daul popularren liderrak.

Taldekideez gain, ERC Europako Kontserbadoreak eta Erreformistak ere sostengatu egin dute portugaldarraren hautagaitza. Berria da talde hori. Erresuma Batuko toriek gidatzen dute, eta 54 diputatu ditu Legebiltzarrean. Haien moduan, ALDE Europako Demokrata eta Liberalen Aliantza ere hasiera batean zalantzan bazen ere, konbentzitu egin ditu Durao Barrosok, eta babesa eskaini diote liberalek - 84 eserleku dituzte Parlamentuan-. Baldintzapeko babesa, ordea: «Agindutakoak betetzen dituen heinean sostengatuko dugu guk», ohartarazi du liberalen buruak,Guy Verhofstadt lehen ministro belgikarrak. «Asmoak xehetasun guztiekin aurkeztu beharko dizkio batzordeari», gaineratu du.

Aldeko gainontzeko botoak sozialistek eman dizkiote Durao Barrosori; jarrera ofizialetik aldendu diren sozialistek, zehazki. Izan ere, portugesa hautagai gisa proposatu zuten une beretik, haren kontra azaldu da S&D Sozialisten eta Demokraten Aliantza Progresista.«Barrosok irudikatzen duen politikaren kontrako kanpaina egin dugu, beraz, ezin diezaioket nire taldeari haren alde egitea gomendatu», esan zuen Martin Schulz sozialisten buruak, pasa den ekainean.

Gomendioak gomendio, entzungor egin diote liderrari Portugalgo eta Espainiako legebiltzarkide sozialistek. Durao Barrosok azken proposamena haien gustukoago izateko makillatu izanari egotzi diote adituek insubordinazioa. Izan ere, kutsu soziala gehitu zien hark azken hitzaldiei. Hala, bigarrenez presidentetza eskuratuz gero, langabezia gehiago haz ez dadin hainbat politika martxan jarriko dituela agindu zuen. «Lehentasuna eskariari aurre egin eta langabezia kontrolatzea da».

Krisiari aurre egiteko EBk ematen dituen laguntzei eustearen alde agertu da. «Europako eredua merkatuko gizarte ekonomia da, eta erregulatu gabeko merkatuak baino hobea da hori». Neoliberala izatea eta aurreko agintaldian herrialde handien eskaerei men egin izana leporatzen diote kritikoenek. Aldatu dela erakustea izango duerronka, eta berdeak izango dira konbentzitzeko zailenak. «Norbait hobea merezi dugu», adierazi du haien lider Daniel Cohn-Benditek.



Jose Durao Barroso

MAOISMOTIK SOZIALDEMOKRAZIARA

Portugalgo lehen ministro kargua utzi zuen, 2004ko ekainaren 29an, Europako Batzordeko presidente izateko aukeratu zutenean. 2002ko apirilaren 6tik zen gobernuburua. 70eko hamarkadan, 1974ko Krabelinen Iraultza aurretik, maoista zen. Baina Alderdi Sozial Demokratakoa egin zen gero, eta alderdi horretako buru da egun.





Arau sorta berria EBren funtzionamendurako

Eskubideei balio juridikoa. Lisboako Itunak balio juridikoa ematen dio Oinarrizko Eskubideen Itunari.

Entitate itxura. Kanpora begira EBri entitate itxura emateko, bi kargu berri jasotzen ditu itunak: EBko presidentearena eta Atzerri Gaietarako eta Segurtasun Politikarako Goi mandatariarena.

Legebiltzarra indartu. Europako Legebiltzarrari Nizako Itunak baino erabakimen handiagoa eskaintzen dio.

Gehiengo osoa, ez soila. Europako Batzordean blokeoak gerta ez daitezen, gehiengo osoa lortu beharko du hautagaiak presidente izango bada. Egun gehiengo sinplea aski du.

Parlamentuen kontrola. EBri itxura demokratikoagoa emateko, estatuetako parlamentuei parte hartzea aitortuko dio.

Klima aldaketa. Klima aldaketari kontra egitea eginbehar zehatz gisa jasotzen du.





Irlandan datorren urriaren 2an egingo dute Lisboako Ituna berresteko erreferenduma, bigarren aldiz. Baiezkoak irabazten badu ituna onartuko dutela diote Poloniak eta Txekiak. Alemaniak hil honetan berretsiko du.

Hurrengo urratsa: Lisboako Ituna

Ixiar Zubiaurre.

Irlandak jarri du data: urriaren 2a. Europako Batasunaren geroa, hein batean, egun horretan erabakiko da. Irlandako herritarrek Lisboako Itunari «bai» esaten badiote, izan ere, EBren egitura bera goitik behera aldatzeko prozesuak ez du jada atzera bueltarik izango. Oraingoz inkestak alde dituzte europazaleek; badirudi ituna berresteko egiten duten bigarren erreferendumean baiezkoa aterako dela garaile. Dena dela, ikusteko dago Poloniak eta Txekiak agindutakoa betetzen duten; alegia, Irlandaren ondotik, bi herrialde horietan Lisboako Itunari falta zaizkion ateak zabaltzen dizkioten. Bai Parlamentuan bai Senatuan jaso du beharrezko sostengua; presidenteen sinadurak besterik ez dira falta orain.

Ituna izenpetzeko keinu soil horiek ere atzeratu nahi dituenik bada, ordea. Geoffrey van Orden Europako Parlamentuko kontserbadoreen buruak, besteak beste, datorren udaberrira arte halakorik egin ez dezaten eskatu die Poloniako eta Txekiako presidenteei -Irlandak ituna berretsiko duen hipotesia serio hartu du Geoffrey van Ordenek-. Hala, Erresuma Batuan egitekoak diren hauteskundeak pasa arte Lisboako Ituna zintzilik mantentzea dute xede.

Datorren urteko bozak irabazteko faborito ageri da DavidCameronen alderdia. Hala gertatzen bada, hau da, kontserbadoreek Erresuma Batuko Gobernuaren jabe egiten badira, kontu jakina da jada ituna berresteko prozesua berriro zabalduko dela.

Europako Batasuneko Konstituzioak jasotako porrota saihesteko -Frantzian eta Herbeheretan ezezkoak irabazi zuen Konstituzioa berresteko egindako erreferendumetan- EBko herrialde ia guztiek, Irlandak salbu, baztertu egin zuten herritarrei galdetzeko aukera. Alabaina, erreferendumaren hautua hobetsi zuen Gobernu bakarrak ezezko borobila jaso zuen. Beste behin krisiari aurre egin behar zion Bruselak.

Eta krisia gainditzeko ahalegina egin dute Europako zenbait herrialdek. Frantziak, EBko presidente zela, Bruselak hartuko zuen norabidea zehaztu zuen: ez zen beste itun bat izango, Lisboakoa indarrean sartu zedin ahalegin oro egingo zituzten. Edo Lisboa edo Nizako Ituna, bietako bat, baina ez zen alferreko ahalegin gehiago egingo.

Horretarako, baina, Irlandan beste erreferendum bat egin behar dute. Itxura demokratikoek hala agintzen dute dirudienez: gehiengoak nahi duen emaitza lortu arte erreferendumak egiten jarraitzea. Bigarrenerako data behintzat lortu dute; ez lehenago Dublingo gobernuari hainbat kontzesio egin gabe, baina. Izan ere, hainbat estatu kidek hainbeste interes dute Lisboako Ituna hutsean gelditu ez dadin, ezen, kritikoenek ituna bera itxuraldatzea leporatu diete Frantziari eta horren aliatuei.

B plana: Nizako Ituna

Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak urratuko bidean egin ditu lehen urratsak Suediak-EBren txandakako presidentetza herrialde horren esku dago gaur egun-. Horren egitekoa dirudi itxaropenak ez zapuztea, hau da, urriaren 2an dena espero bezala irtetea. Halaxe adierazi du Cecilia Malmstrom Suediako Atzerri ministroak: «Ez dago beste B planik, Lisboako Itunak ez badu bere bidea egiten lortzen, ordezko plan bakarra Nizako Ituna izango da».

Hori nahi dute Geoffrey van Orden eta gainontzeko kontserbadoreek; eta horregatik aurkeztu ziren Europako Parlamenturako hauteskundeetara beren aldetik: EPP Europako Alderdi Popularretik ERC Europako Kontserbadoreak eta Erreformistak talde parlamentariora igaro ziren dozenaka diputatu britainiar. Euroeszeptikoak indar garrantzitsu dira ordutik Estrasburgoko Legebiltzarrean.

Alemanian gertatutakoak ez ditu askiesten horiek. Prozesu luze baten ondotik, izan ere, herrialde horretan ituna berresteko azken formalismoak ari dira betetzen. Luze jo du, ia bi urte. Estatu federalen eta Parlamentuaren parte hartzea bermatuko dituen lege gehigarriei Kongresuak oniritzia ematen dionetik, azkenean ordea, ituna berretsiko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.