EB Europako Batasunak jaso du aurten Bakearen Nobel saria, Osloko udaletxean gaur egindako ekitaldi batean. Urrian jakinarazi zuen Nobel Akademiak hura izango zela sariduna, Europa "gerra kontinente izatetik bake kontinente izatera" pasaturazi duelako. "Adiskidetzea, demokrazia eta giza eskubideak" zaintzen II. Mundu Gerra ostetik egindako lana goraipatu du akademiak. "Europarentzako mezu bat da, orain arte lortutako guztiari eutsi eta aurrera egin dezan".
Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentea eta Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko burua mintzatu dira Oslon Europaren izenean (bien hitzaldiak osorik, ingelesez). "Bere inperfekzio guztiekin, EB sinbolo bat eta inspirazio bat da munduko beste denentzat", esan du Barrosok. Van Rompuyren arabera, "historia ez da bukaera ona duen eleberri bat. Aurrean daukanaren erantzule da EB".
Nobel Akademiako batzordeko buru Thorbjorn Jaglandek adieraiz du "komeni" dela "bakea egunero" irabaztea.
Alemaniako kantziler Angela Merkelek duela aste batzuk esan zuen "zoragarria" iruditzen zaiola EBk jasotzea saria.
Gogoetak eta kritikak ere izan dira. Alfredo Perez Esquivel argentinarrarena, kasu —1980an hark jaso zuen Bakearen Nobela—: "Sariak atentzioa deitzeko keinu bat behar du izan, Europak beste kontinenteetan dituen esku sartze militarrak geldi ditzan". Edo Ludmila Alexeieva ekintzaile errusiarrarena: "Ez dut ulertzen EBri bakearen sari bat ematea. Horko herrialdeek Irakeko eta Afganistango gerretan parte hartu zuten, eta beste gatazka batzuetan ere bai".
Amnesty International erakundeak urrian esan zuenez, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua beti daude hirugarren, laugarren edo bosgarren postuetan munduko arma esportatzaile handienen zerrendan, eta Afrikako, Asiako, Ekialde Hurbileko eta Hegoamerikako herrialde ugaritara saltzen dituzte armak.
Aurreko hiru saridunak
- 2011n Bakearen Nobel saria emakumeen aldeko borrokari eman zioten. Ellen Johnson Sirleaf Liberiako presidenteak, Leymah Gbowee Liberiako ekintzaileak eta Tawakkul Karman Yemengo ekintzaileak jaso zuten.
- 2010ean Liu Xiaobo txinatar disidentea izan zen irabazlea.
- 2009an, Barack Obama AEBetako presidentea.