Johan Van Hecke. Europako Parlamentuko diputatua

«Europako Batasunak jokaera zuhurregia eta herabeegia du Marokoko Gobernuarekin»

Afrikan nazioarteko behatzaile gisa jardun du behin baino gehiagotan politikari flandriarra, eta gaur egun han bizi da; kontinenteaz ematen den irudi txarra salatu du, aurrerapenak ere badaudela uste baitu.

2010eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Johan van Hecke (Gante, 1954) Flandriako Alderdi Liberal Demokratako kidea da eta Europako Legebiltzarreko diputatua. Afrikan aditua ere bada, eta horregatik etorri da Euskal Herrira. Bilboko Melia Hotelean hitzaldia emango du gaur, 19:30ean: Afrikaren taupada XXI. mendean. Sabino Arana fundazioak antolatu du ekitaldia.

Afrikatik etorri berria zara. Ahaztuta dagoen kontinente bat da oraino; pobrezia, hiesa, immigrazioa, gatazkak, diktadurak... Zein egoeratan dago eta zer etorkizun ikusten diozu?

Urte bat eta erdi bada jada han bizi naizela eta herrialdez herrialde nabilela ALDEPAC Pazifiko, Afrika eta Kariberentzako Europako Liberal eta Demokraten Aliantzako koordinatzaile gisa. Lan horretan, ohartu egin naiz Europa aldetik Afrikari arreta jartzen zaiola soilik albiste gaiztoak daudenean: estatu kolpeak, hondamendi naturalak, gerra zibilak, pobrezia itzela... Horiek guztiak errealitateak dira, ukaezinak, baina bada beste irudi bat eta horretaz ez da berririk zabaltzen, hain zuzen albiste onak direlako.

Ongi dabilen edo behintzat aurrera egiten ari den kontinente bat ere badela esan nahi duzu?

Hori da, bai. Afrika, oro har, orain dela hamar urte baino egoera hobean da, nire ikuspuntutik. 1990. urtera arte, etengabe behera egin du; 2002az geroztik, ostera, kontinentea orokorrean hartuz, barne produktu gordinaren hazkundea %3,4tik %6ra igo da 2006. urtera bitartean. UNDP Nazio Batuen Garapenerako Programak berriki plazaratu duen ikerketa batek argi eta zehatz aipatzen ditu aurrerapen eta lorpen hauek, kontinenteko hainbat herrialdek pobreziari aurre egiteko eta garapena bultzatzeko egin dituzten urrats handiak nabarmendu dituelarik.

Hainbat hauteskunde prozesutan nazioarteko begirale lanetan aritu zara. Azken egunotan Boli Kostako krisi politikoa da hizpide. Han, beste hainbat agintariren moduan,Laurent Gbagbok ez dio botereari muzin egin nahi.Hala diote munduko potentzia handienek. Halaxe dela iritzi al diozu zuk ere ?

Ez dute Europako Batasunak, Ameriketako Estatu Batuek edo Nazio Batuen Erakundeak soilik esaten hori. Afrikako Batasunak ere —eta hori guztiz garrantzitsua da— argi adierazi du Boli Kostako presidentetzarako bozetan garaile bakar bat egon dela eta hori Alassane Uattara izan dela. Europako Batasunaren izenean Catherine Ashtonek egin duen bezala, Afrikako Batasunak ere zigorrak ezartzeko mehatxua egin dio Laurent Gbagboren aginteari. Bilakaera oso garrantzizkoa dela iruditzen zait. Ezen Kenyan edo Zimbabwen besteak beste egindako bozetan behatzaile egona naizelarik gogoratzen naiz nazioarteko komunitatea irmo jokatzean herabe geratu zela, indarkeria hazi egingo zelako beldurrez edo. Hori dela eta, orain arte, bozetan garaile atera zena galtzailearekin hautsi-mautsi bat hitzartzera, koalizio gobernu bat osatzera bultzatu du nazioarteak. Boli Kostako gertakarien kasuan, aldiz, jarrera irmoak hartu dira, Afrikako Batasunaren aldetik ere bai, eta horrek funtsezko aldaketa bat gertatzen ari dela erakusten du.

Hagak jakinarazi du auzitara eramango dituela 2007-2008. urteetako indarkeriekin ustez zerikusia izan duten Kenyako sei agintari. Nazioarteko zuzenbidea aurrera egiten ari dela esan nahi al du horrek?

Seguru baietz. Baina ez da Kenyako auzi honekin hasi den ildoa. Lehen gertatu da Kongoko Errepublika Demokratikoko gatazkaren kasuan, Thomas Lubanga eta Jean-Pierre Bembaren auzipetzeekin. Sudango gertakari bortitzengatik ere halaxe gertatu da, Omar al Bashir presidentearen kontrako neurriekin, edo Ugandan, LRA Jaungoikoaren Erresistentziako Armadaren buruzagi Joseph Kony auzibidean jartzearekin. Beraz, Nazioarteko Zigor Auzitegiak oso betekizun garrantzitsua du gaur egun, eta esan daiteke ardura osoz jokatzen ari dela munduan zehar eta Afrikan bereziki.

Mendebaldeko Sahara da azken kolonia Afrikan. Marokoren jazarpena areagotu egin da azken hilabetean. Europako Batasunak erasoak gaitzetsi bai, baina ez da erantzuleaz mintzatu. Zilegi al da?

Egia aitortzearren, ez dut ondo ulertzen Europako Batasunaren jokaera; zuhurregia, herabeegia atzematen dut Marokoko Gobernuaren egitateei begira. Zibilen aurkako eraso larriak gertatu izan direlako frogak badaude. Hortaz, Rabatekin merkataritza harreman bereziak tartean egonda ere, Europako Batasunak argi eta ozen mintzatu behar du, luzarorago ezbaian geratu gabe.

Flandriakoa zara zeurez. Han ere luzea da krisi politikoa. Independentistek irabazi zituzten bozak, orain dela sei hilabete, baina oraindik ez da gobernua eratu. Zergatik ez dute negoziazioek aurrera egiten?

Egun ez dut jardun edo kargurik hango politikagintzan. Esango nuke nire alderdia bera ere[Open Vld] ez dagoela sei hilabetez irauten duen krisi politikoan murgilduta, gobernu federal bat eratzeko negoziazioetara ez baitute gonbidatua. Haatik, argi aitortzen dut hango egoera politikoak handizki kezkatzen nauela. Hauteskundeak egin zirenetik sei hilabete pasa direla, oraindik gobernu akordiorik lortu ez izanak nabarmen egiten dio kalte Belgikaren irudiari nazioartean.

Nola irten kale itsu horretatik?

Irtenbide bat aurkitu behar da, nahitaez, eta hauteskundeetan garaitu dutenek, iparraldean zein hegoaldean, arduraz joka daitezen. Ez nuke nahi iragana ederretsi, baina nire alderdiko presidente izana naiz, baita Flandriako Legebiltzarreko buru ere, eta esaten ahal dut batzuek besteekin hitz egiten bagenekien belaunaldi politiko batekoak ginela. Hori zuzenean egiten genuen, ez hedabideen bitartez. Gaur egun, zuzenean hitz egiten dakiten arduradun politikoak eskas dira. Ez dugu, dagoeneko elkar ezagutzen, gurea ez den eskualdeko kazetak ez ditugu irakurtzen, beste aldearen sentipenak ez ditugu aintzat hartzen. Alabaina, akordio sendo eta orokor bat aurkitzeaz kanpo ez da irtenbiderik.

Eta bozak berriz egiten badira?

Argi eta garbi deritzot krisia areagotuko besterik ez da egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.