Zuzenbide estatua

Europako Batzordeak auzitara eraman du Polonia, «independentzia judiziala ez errespetatzeagatik»

Bruselak erabakia hartzen duen bitartean kautelazko neurriak agintzeko eskatu dio Europako Justizia Auzitegiari. Varsoviak erantzun du «justifikazio juridikorik gabeko» mugimendua dela.

Didier Reynders Europako Batzordeko Justizia komisarioa, gaur, erabakiaren berri emateko prentsaurrekoan. BERRIA
ander perez zala
2021eko martxoaren 31
17:59
Entzun

Europako Batzordeak auzitara eraman du Polonia, argudiatuta 2019ko abenduan onarturiko erreformak ez duela «independentzia judiziala errespetatzen». Didier Reynders Justizia komisarioaren arabera, aldaketa horiek ez dira «bateragarriak zuzenbide estatuaren nagusitasunarekin», eta horregatik erabaki dute Europako Justizia Auzitegira jotzea: «Poloniako epaileak Europakoak ere» badirelako. Urteak dira Bruselak eta Varsoviak talka egiten dutela sistema judizialaren moldaketengatik, eta baliteke gaur emandako pausoak are gehiago okertzea bien arteko harremana.

«Gobernu nazionalak aske dira sistema judiziala erreformatzeko, baina hori EBren [Europako Batasunaren] hitzarmenak errespetatuta egin behar dute. Hau ez da auzi ideologiko bat», azaldu du Reyndersek, erabakiaren berri emateko prentsaurrekoan. Iragan urtean, batzordeak denbora eman zion Poloniako Gobernuari 2019ko erabakia bertan behera uzteko —2020ko apirilean abiatu zuen zigor prozedura—, baina estatu kideak ez du atzera egin, uste baitu erreforma «bateragarria» dela talde komunitarioaren legeekin.

Sistema judizialaren moldaketa iragan urteko otsailean sartu zen indarrean, eta, besteak beste, Poloniako epaileei eragotzi egiten die zuzenbideari buruzko auziak Europako Justizia Auzitegira eramatea. Horrez gain, batzorde bat osatu zuten Auzitegi Goreneko epaileen independentziaz ebazteko, EBren legeak kontuan hartu gabe: eskumena du horiek behin-behinean kargutik kentzeko, soldata murrizteko edota immunitatea kentzeko.

Luxenburgok erabakia hartu bitartean, Justizia komisarioak uste du beharrezkoa dela kautelazko neurriak hartzea, eta hori egiteko eskatu dio auzitegiari: esaterako, orain arte harturiko erabaki gehienak bertan behera gera daitezen. Urteotan, Poloniako 40 bat epaileri isunak ezarri dizkiete, eta behin-behinean kargutik kendu dituzte gobernuaren erreforma kritikatzeagatik edota Europako Justizia Auzitegiaren erabakiak aplikatzeagatik.

Varsoviak, espero zen bezala, zalantzan jarri du EBren agintea, bere sistema judizialaren aurka egin duelako, argudiatuta «justifikazio juridikorik» gabeko mugimendua izan dela. Sare sozialetan idatzitako mezu batean, Piotr Muller Poloniako Gobernuaren bozeramaileak adierazi du justiziaren administrazioa «jabetza nazionalaren esku» dagoela, eta hori «Poloniako Konstituziotik eta EBren legeetatik» datorrela, ordena horretan.

Asteon, Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroak Auzitegi Konstituzionalari eskatu dio baiezta dezala herrialdeko legedia EBkoaren gainetik dagoela.

Gobernua kritikak jasotzen ari da

Ez da garai egokian iritsi Europako Batzordearen erabakia, Poloniako Gobernua gero eta kritika gehiago jasotzen ari baita koronabirusaren pandemiaren kudeaketagatik. Kasu berri gehien izaten ari den EBko estatu kideetako bat da, eta txertaketa kanpaina uste baino askoz ere polikiago doa.

Morawieckik iragan asteartean adierazi zuen «txertaketa programa nazionala test bat» dela «estatuaren funtzionamenduarentzat», eta, horri begira, aztertzen ari direla txertaketetarako gune gehiago irekitzea, horiek egiteaz arduratzen diren profesionalen kopurua handitzearekin batera: erizainak, dentistak, farmazietako langileak eta medikuntza ikasleak, esaterako.

«Hilabetero hamar milioi txertaketa egiteko helburua finkatu dut. Hori da gure zeregin nazionala», zehaztu zuen Poloniako lehen ministroak. Baina kopuru hori lortu aurretik are gehiago okertu liteke egoera gobernuarentzat, herritarren pazientzia agortzear baitago indarrean daude neurri murriztaileengatik eta hainbat enpresaren egoeragatik.

Agintean dagoen Eskuin Batua koalizioko kideen arteko harremana, gainera, aspaldidaniko zailena da: PiS Legea eta Justiziaren eta Akordioa eta Polonia Batua alderdi txikien arteko desadostasunek ez diote mesede egin egonkortasun politikoari, eta oposizioko indarrak testuinguru hori baliatu nahian dabiltza beren mesederako.

Inkestek PiSen aldeko babesaren beheranzko joera islatu dute; duela urtebete %47an zegoen, eta, egun, %34ean —2017ko maiatzean egon zen azkenekoz kopuru horretan—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.