Europako Batasunera heltzen diren etorkinak banatzeko, kuota bidezko sistema bat proposatu du Europako Batzordeak. Hartara, herrialdeen arteko desorekak "leuntzea" lortu nahi dute, Federica Mogherini EBko diplomazia buruak adierazi duenez: "Immigrazioarekiko erantzuna, funtsean, Europa mailako auzia da, eta ez soilik estatu batzuen arazoa".
Gaur egun, Greziak, Maltak eta Italiak jasotzen dituzten etorkin gehien, Afrika iparraldetik eta Ekialde Hurbiletik datozen asko bertatik sartzen direlako Europako Batasunera. Nolanahi ere, babes eskaera gehien Alemaniak eta Suediak jasotzen dituzte. Iaz 214.000 pertsonari onartu zitzaien asilo eskubidea, eta kasu horietatik %26 eta %18 bi herrialde horiek tramitatu zituzten, hurrenez hurren. Aurrerantzean, errefuxiatu estatusa duten etorkinei babesa eamteko ere antzeko sistema bat proposatu du Bruselak: haren arabera, EBko aurrekontuetatik 50 milioi euro gordeko lirateke 2015 eta 2016 arterako, errefuxiatuak hartzen dituzten herrialdeen artean banatzeko. Urtero 20.000 bat kasu onartuko lituzkeela iragarri du Bruselak; herrialde bakoitzari zenbat egokituko litzaizkiokeen kalkulatzeko, hainbat faktore hartu dituzte kontuan, besteak beste, Barne Produktu Gordina, dagoeneko badituen herritar kopurua eta langabezia. Irizpide horien arabera, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua eta Italia lirateke gehien jaso beharko lituzketenak.
Operazio militarrak Mediterraneoan
Beste neurri polemiko bat ere izan dute gaur aztergai Europako komisarioek: Mediterraneoa pasatzeko etorkinek erabiltzen dituzten "mafien itsasontziak" deusezteko operazio militarrak egitea. François Hollande Frantziako presidentearen arabera, Nazioa Batuen Erakundearen babesarekin soilik egin daiteke hori. Errusiari gehiegizko neurria iruditu zaio, eta Afrika iparraldeko herrialdeentzat ere urrunegi joatea litzateke itsasontziak deusezteko operazio militarrak abiatzea. Neurriok guztiok, nolanahi ere, hilaren bukaeran zehaztuko dituzte.
Federica Mogherini Europako diplomazioa buruak defenditu du hildako gehiago ez izateko irtenbide gisa proposatzen dituztela gaur eztabaidatuko dituzten neurriok. Urteko lehen lau hilekoan ia 2.000 etorkin hil dira Mediterraneoan.
Joan den hilean, Europako Batasuneko estatuetako ordezkarien goi bileran, Triton operazioa indartzea erabaki zuten, aurrekontua hiru bider handituta; hiru milioi euroko aurrekontua zuen operazioak, eta bederatzira igotzea erabaki zuten.