Europako herrialdeei «bazter ez uzteko» eskatu die Abbasek

NBEn aliatuak lortzeko bira egiten ari da PANeko burua; Kolonbia eta Portugal bisitatuko ditu

Erredakzioa
2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak jarrera aktiboagoa eskatudie Europako herrialdeei israeldarren eta palestinarren arteko bake prozesuan. Europako Kontseiluaren Batzarrean emandako hitzaldian ordaintzaile soilik izateari uzteko eta argi eta garbi Palestina eskubide osoko estatua izateko eskaera babesteko eskatu die. «Zuen babesa merezi dugu; bazter utziko ez gaituzuelakoan gaude», gaineratu du Abbasek.

Israeli zilegitasuna kentzeko inolako asmorik ez dutela berretsi du PANek. Negoziatzeko prest agertu da Abbas, baina, horretarako, hainbatetan errepikatu dituen baldintzak gogorarazi ditu Estrasburgon: Israelek kolonia politika bertan behera uztea eta 1967ko mugak onartzea. Hain zuzen, kokalekuen eraikuntza gelditzea Ekialde Hurbilerako Laukotearen —AEBak, EB, Errusia eta NBE— bide orriak exijitzen duen premisa bat dela adierazi du. Israelek, baina, berrirotik hasi nahi ditu negoziazioak, aurreko baldintzarik gabe. Hain justu, herenegun palestinarrek UNESCOko kide izateko eskaria egin izana elkarrizketei ezetz esatea dela salatu du Israelgo Gobernuak.

Palestinaren unea iritsi dela berretsi du Abbasek, NBEko batzarrean estatu izateko eskaera egin zuenean adierazi zuen bezala. «Noiz arte itxaron behar dugu?», galdetu die europarrei. Izan ere, herrialde askok «unea heltzen denean» babesa emango dietela hitz eman arren, oraindik ez dute egin.

Nazioarteko bira

NBEn aliatuak lortzeko bira egiten ari da Abbas. Gaur Hego Amerikara abiatuko da, eta gero Portugal ere bisitatuko du. Izan ere, Segurtasun Kontseiluan palestinarren proposamenak aurrera egin dezan, hamabost kideetatik bederatziren babesa behar dute, eta beto eskubidea duen ezein herrialdek ezezkorik ez ematea. Zortzi herrialderen baietza dute oraingoz, eta bederatzigarrena Kolonbia, Portugal edo Bosnia eta Herzegovina izan daitezkeelakoan daude. Horrek AEBak betoa ematera behartuko lituzkete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.