Katowice hirian (Polonia) izan zen ezbeharra. Erakusketa zentro bateko teiluatua erori zen atzo arratsaldean barruan ehunka pertsona zeudenean. Gutxienez hamabi pertsona hil eta beste ehun zauritu ziren. Barruan, alta, bostehun eta mila pertsona artean zeuden ezbeharra izan zen unean. Poliziako bozeramaile Janusz Jonczyk zehaztu zuenez,teilatuan elur ugari zegoen eta haren pisuak eragin zuen hondamendia: «Ehunka pertsona inkomunikatuta gelditu dira barruan». Erakusketa gunean uso mezularien erakustaldia egiten ari ziren ezbeharra gertuta zen unean. Lekukoen arabera, bi alditan erori zen teilatua: hasiera batean erdiko zatia erori zen eta handik ordu erdira alboetako zatiak. Erakusketa zentroak hamar mila metro koadro zituen.
Salbamendu taldeak lanean aritu dira. Polonian egunotan egiten duen hotzak zero azpitik hamabi gradu zeuden atzo barruan harrapatuta gelditu ziren pertsonengan ondorio larriak eragin ditzakeela ohartarazi zuten adituek. Alemanian hamabost pertsona hil ziren urte hasieran patinaje pista baten egurrezko estalkia erori zenean. Bad Reichenhall hirian izan zen hondamendia.
200 hildakotik gora
Europako hotz boladak 200 pertsonaren heriotza eragin du jada. Polonian 78 petsona hil dira azken astean. Errumanian, berriz, hamar pertsona hil ziren atzo, eta jada 55 dira hilak. Serbian zortzi pertsona hil ziren atzo, eta 24 dira Ukrainan hilak. Georgian, berriz, astebete daramate gas eta argindarrik gabe bi gasbidetan izandako leherketak direla eta.
EUROPAKO HOTZ BOLADA . Eraikin bat erori eta 12 lagun hil dira Polonian
Erakusketa zentro bat zen, eta 500 eta 1.000 pertsona artean zebiltzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu