Europako Konstituzioaren aldeko botoak %81,3 izan ziren Galizian eta horiekin pozik agertu zen atzo Xuntako presidente Manuel Fraga Iribarne. «Galiziarrek Europako itunari emandako sostenguak beste behin erakusten du Galiziak ez duela alderdien arabera jokatzen Galizia, Espainia eta Europarentzat garrantzia handia duten auzietan», esan zuen. Abstentzioa %59,96koa izan zen eta ezezko botoek %12,21 lortu zuten. Zuriak, aldiz, botoen %6,49 izan ziren.
BNG Bloque Nacionalista Galegoko kanpaina arduradun Encarna Oterok herenegun gauean ukatu egin zuen bere alderdiaren kanpaina «porrota» izan zela.«Emaitzak ez dira hauteskundeetakoak, eta dena den, erakutsi egiten dute herritarren zati garrantzitsu batek Europako itunarekiko urrun daudela».
PSdeG alderdi sozialistako idazkari nagusi Emilio Perez Touriñok, bere aldetik, esan zuen «Galiziak erantzun egokia» eman zuela.
Galiziakoak Espainiako estatuko emaitzekin alderatuz honela mintzatu zen: «Galiziak, [Espainiako] estatuaren gainerakoarekin konparatuta, parte-hartze gehiago, sostengu gehiago eta ezezko boto gutxiagorekin egin dio ekarpena Europako Konstituzioaren berrespenari».
Gainera, alderdi irabazlerik eta galtzailerik egon izana ukatu zuen: «Soilik Europako Konstituzioak irabazi du».
EUROPAKO KONSTITUZIOA. ERREFERENDUMA. Galizian, botoen %81,3 baiezkoak izan dira
Parte-hartzea %43koa izan da, eta ezezko botoak, %12; BNGk dio ez dela izan ezetzaren porrota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu