EUROPAKO KONSTITUZIOA. Herbehereetan ezetza da nagusi galdeketarako bi aste eskasera

Inkesten arabera, herritarren %27k bozkatuko dute baietz; Frantzian ere ezetzak sostengu zabalagoa du

Kristina Berasain Tristan.
2005eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
EB Europako Batasuna sortzeko lehen harria jarri zuten bost herrialdetako bi dira Frantzia eta Herbehereak. Bietan hemendik bi aste eskasera egingo dute erakundeari sendotasuna emango dion itunaren inguruko erreferenduma eta bietan, paradoxikoa baldin bada ere, ezetza nagusituko dela diote azken inkestek. Europako Konstituzioaren ituna baztertzea «porrota» dela esan zuen atzo Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosok: «Europak porrot egin duela esanahiko luke ezetzak hemen eta hemendik kanpo». Konstituzioa, ildo horretan, ezinbestekoa dela gaineratu zuen.

Herbehereetako historia garaikidean egiten den aurreneko erreferenduma izango da heldu den ekainaren 1ekoa. Jan Peter Balkenende lehen ministro kristaudemokratari galdeketa egitera behartu zioten sozialdemokratek eta berdeek, agintarien eta herritarren artean dagoen amildegia suntsitzeko beharra zegoela argudiatuz. Erabakiarekin damututa daude orain guztiak. Inkestek diote herritarren %54k bozkatuko dutela ezetzaren alde eta %27k soilik baietzaren alde.Ezetzaren aldeko politikariek baiezkoa sostengatzen dutenek baina kanpaina eragingarriagoa egin dute. Baiezkoaren aldekoak isilik egon dira orain arte. Egoeraren larritasuna ikusita, baina,euren kezka ezkutatu ez eta publizitate kanpaina abiatu dute azken orduan. Bi milioi euro gastatuko dituzte irratian eta prentsan itunaren aldeko iragarkiak jartzeko. Dirutza hori, alta, ez zegoen aurreikusita otsailean aurrekontuak onartu zituztenean. Europako Gaietarako estatu idazkari eta erreferendumaren arduradun Atzo Nicolaik ezezkoaren abantailaz mintzatu zen aste honetan: «Baiezkoaren argudioak hobeagoak dira, baina zailagoak dira azaltzeko».Jan Peter Balkenende lehen ministroak, dena den, baikorra dela esan zuen atzo: «Nire dirua baiezko botoan jartzen ari naiz eta baikorra naiz».MP Alderdi Sozialistako Harry van Bommelek zuzendu du ezetzaren aldeko kanpaina. Horrela mintzatu zen atzo: «Ez dago estatu europarrik, ez dago herri europarrik, beraz, erakunde honek ez du konstituziorik behar».Herrialde handien aurrean pisua galduko duten ustearekin kezkatuta daude herritarrak. Turkiaren sarrera posibleak eta aurrekontu militarrak dira euroeszeptikoen beste argudioak. Geert Wilders diputatu ohi liberala da ezetzaren aldeko kanpaina sutsuena egiten ari dena. Islamaren kontrako adierazpenak egiteagatik da ezaguna diputatua eta immigrazioaren kontra agertzen da publikoki. Ituna aurrera ateratzen bada eskualde bat baino ez direla izango da bere lelo nagusia. Auto blindatuan egiten ari da kanpaina. Heriotza mehatxuak jaso ditu.Erreferenduma ez da loteslea baina parte hartzea %30 baino handiago baldin bada emaitza aintzat hartuko zutela agindu zuten agintariek.

Londresen, adi

Frantzian hilaren 29an egingo dute erreferenduma. Baiezkoak indarra hartu ondoren ezezkoa nagusitzen ari da berriro inkestetan %53a dago ezetzaren alde. Europako agintari sozialista guztien sostengua jaso du azken egunotan Jacques Chirac presidenteak. «Frantziaren etorkizunaren zati bat dute frantsesek euren eskutan». Itsasoz bestaldean bere menpe dituen herritarrei zuzendu zen ere itunak euren «balioak» onartzen dituelako. Frantziak ardura handia duela baina ezetza nagusitzen baldin bada ez dagoela «juridikoki eta politikoki» bestelako egitasmorik aurrera ateratzerik zehaztu zuen agintariak.

Konstituzioaren egile Valery Giscard D'Estaingek ituna baztertzen bada ez dela berriro negoziatuko gaineratu zuen: «Ezinezkoa da». EBko txandakako presidente Jean Claude Junckerrek ezetzaren arriskuak ohartarazi zuen atzo: «Frantziak gidari izateari utziko dio».Frantzian gertutako denaren zain daude Erresuma Batuan.Ezezkoa nagusitzeak «ondorio larriak» izango dituela adierazi zuen Europarako estatu idazkari Douglas Alexanderrek: «2006. urteko udaberrian egitekoa den erreferenduma kolokan gelditu liteke».Bere ustetan ezetza ez da lagungarria izango. Tony Blair lehen ministroa herritarrei galdeketan parte hartzeko aukera ematearekin konprometituta dagoela esan zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.