Europako Konstituzioaren balioa berretsi dute baiezkoaren aldekoek

Espainiak eta Luxenburgok antolatutako bilerara Alemania ez da joan, «neutrala» izan nahian

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2007ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko 27 estatukidetatik 18k eman zioten baietza Konstituzioari, eta baiezko horri indarra ematearren egin zuten bilera atzo, Madrilen (Espainia), 18 herrialde horietako kideek eta Portugalgoek eta Irlandakoek. Konstituzioaren babesleek sutsuki defenditu zuten egungo itunaren balioa, eta ezezkoa eman ziotenek -Frantziak eta Herbehereek- «eragin duten krisiari» irtenbidea eman nahi izan zioten, baina «ez Konstituzioari edukiak mugatuz, baizik eta behar izanez gero erantsiz», Miguel Angel Moratinos Espainiako Atzerri ministroak atzo azaldu zuenez.

Konstituzioaren balioa berresteaz gainera, EBko txandakako Alemaniako presidentetzaren egitasmoei babesa eman nahi izan zien atzo bileran baiezkoa ordezkatu zutenek. Esanguratsua da, hala ere, Alemaniako ordezkaririk ez zela egon. Hain zuzen, esan zutenez, Alemaniak EBko presidentetza duelako «neutraltasuna» erakutsi nahi izan zuten ezezkoa eman zutenekiko eta oraindik euren jarrera agertu ez dutenekiko. Alemaniak itunak aurrera egin dezan behar diren aldaketak egiteko konpromisoa hartu berria du.

Konstituzioa dagoen bezala egokia da atzo Madrilen bildutakoentzat, baina aldaketarik behar badu, ituna edukiz betetzea eta bazterrean dauden hainbat gai eranstea izango litzateke. Ez ordea, gutxiengoetara joatea. Moratinosen arabera, «gogoetarako izan ditugun bi urteotan inork ez du aukera hoberik aurkeztu Europako etorkizunari begira. Teorian, orain arteko proposamenak, itunaren gutxiengoa babeste aldera izan dira, eta hori ez da nahikoa».Espainiako Atzerri ministroarentzat «egungo krisiak balio beharko luke testu osatuagoa eta egokiagoa egiteko».

Luxenburgoko Europako Gaietarako komisarioa ere Moratinosen iritzi berekoa da. «Ez dugu irtenbide minimalistak izango dituen Konstituzioa behar, maximalistak dituenak baizik».



XEDAPEN BERRIAK.«Europako batasun politiko erreala» egitearen alde dago Espainia, Moratinosen arabera. Bost gaietan egin beharko luke Europak bat, haren ustez. Immigrazioaren arloan, energiaren inguruko politikan, klima aldaketari buruzkoan, ekonomiaren koordinazio bateratuan, eta segurtasunari eta defentsari dagokionean. «Gai handi horietan kontsentsua topatzea ez da lan erraza, baina horretara jo behar dugu, eta ez herrialde bakoitzak bere interesen alde egitera».

Europako Batasunaren sortzailetako bik eman zioten ezezkoa Konstituzioari, Frantziak eta Herbehereek hain zuzen, eta horrek krisia eragin zuen Europaren barruan, bi herrialde garrantzitsuak baitira erakundean, baina horiez gainera zazpi herrialde Konstituzioa berrestekoak dira oraindik, eta horrek zalantzan jarri zuen itunaren balioa. Atzoko bileraren sustatzaileek, berriz, Espainiak eta Luxenburgok, «gehiengoaren hitza errespetatu behar» dela esan zuten atzo. Haiek diotenez, «herritarren bi herenek esan zioten baiezkoa Konstituzioari, eta hori ez dute ahaztu behar ezezkoan daudenek». Dena den, europarren bi herenak izateko, baiezkoa atera den herrialdeetako herritar guztiek eman beharko lukete baiezkoa.

Atzo bileran hitz egindakoaren berri emango diete bileran egon ez diren Europako gainerako kideei, Alemaniako presidentetzari, Europako Batzordeari eta Europako Legebiltzarrari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.