EUROPAKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. Estrasburgora, estatu kideetako gobernuen barne galdeketa bidez

Gobernuek eta oposizioek beren indarrak neurtzeko erabili dituzte bozak

2004ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
JUANMA SARASOLa@:Zentro-eskuineko alderdiak, nazionalistak eta euroeszeptikoak nagusituko dira bihar arte egingo diren Europako Legebiltzarrerako bozetan. Europako Batzordeari entzungor eginez, Herbehereek bozketaren emaitza jakinarazi zuten atzo. Batzordeak hori gogor kritikatu du eta auzia Europako Justizia Auzitegira eramango duela ohartarazi du.

- alemania: EBren motor ekonomikoa izaki, Batasunaren hedatzearekin estatu kide gehiagoren babesa izatearekin ez daude oso pozik hautesleak. Turkiar jatorriko herritar ugari dituenez, Turkia EBn sartzeko posibilitatea auzi garrantzitsua izan da.

- austria: Boterean den OVP alderdi kontserbadoreak Europarako urteotako nagusitasuna atxikitzea espero du.

- belgika: Bozkatzea derrigorrezkoa denez, ez da parte hartze arazorik izango. Flandestik 15 diputatu aukeratuko dituzte, eta Waloniatik bederatzi.

- danimarka: Euroeszeptizismoaren tradizioak esaterako, 200an euroa errefusatu zuen segida izango duela uste da.

- erresuma batua: Alderdi Laborista udal bozetan nola, Europakoetan ere jaistea espero da. Euroeszeptikoek gora egingo dutela uste da, bereziki UKIP Erresuma Batuko Independentziaren Alderdiaren onerako.

- eslovakia: EBren aldekoenen artekoa da: 2003ko erreferendumean hautesleen %90ek bozkatu zuten EBn sartzearen alde.

- eslovenia: Gobernuko alderdiek emaitza onak izatea aurreikusten da, baina euroeszeptikoak biltzen dituen Junijska zerrendak ere aukera onak ditu.

- espainia: Sozialistek erronka daukate martxoko hauteskundeetan izandako garaipena soilik Madrilgo erasoen ondorioei zor ez diola frogatzeko. Gobernutik at geratutako PP Alderdi Popularrak ordainekoa hartu nahi du.

- estonia: Parte hartzerik baxuenetakoa (%26) espero da. Maiatzaren 31tik ari dira bozkatzen.

- finlandia: SDP sozial demokratak eta Zentroko Alderdia gobernu koalizioan diputatuetan gora egitea eta egungo bostak gainditzea espero dute. Alta, lehia bizia izango da NCP Koalizio Berriaren Alderdiarekin.

- frantzia: Botoa sakabanatuta egongo da eta abstentzioa handia izango da. Eskuineko gobernuaren kontrako botoa espero da. Inkestek diotenez, ezkerrak bozen %39,5 jasoko du eta eskuinak %36,5.

- grezia: Demokrazia Berria gobernuan eta Pasok alderdi sozialista lehia bizian ariko dira. Bozkatzea derrigorrezkoa da.

- herbehereak: Herenegun egin zituzten bozak. Gobernuan diren demokristauek bi diputatu galdu dituzte, baina botoetan laboristen aurretik daude. Hauek bezala, bederatzi aulki dituzte. Ezustea Europako Batzordeko funtzionario eta ustelkeria kasuen salatzaile Paul van Buitenen Europa Transparant zerrendak eman du, bi diputatu lortuta.

- hungaria: Sozialistek, Demokrata Libreek eta FIDESZeko kontserbadoreek gora egitea espero da.

- irlanda: Europarako bozketaz gain, udal hauteskundeak zituzten atzo. Horrez gain, herritartasun legea zorroztearen gaineko erreferenduma. Gobernuan den Fianna Fail garaile aterako dela diote inkestek, nahiz eta behera egin. Bigarren Fine Gael eskuineko alderdia geratuko da. Sinn Feinek lehen eurodiputatua lor dezake.

- italia: Iraken duen presentziaz at, barne politikako gaiak nagusitu dira kanpainan. Ikusteko dago Gobernuan den zentro-eskuinaren eta oposizioaren arteko lehia zertan geratzen den.

- letonia: %48ko esku hartzea iragarri dute inkestek, eta lehen ministro ohi Einars Repseren JL Aro Berria alderdiak, kontserbadore nazionalistek eta ezkerreko aliantzak diputaturik gehienak eskuratuko dituztela diote aurreikuspenek.

- lituania: EBren aldeko sutsua da, erreferendumean parte hartu zutenen %91ren babesarekin.

- luxenburgo: EBren sortzaileetako bat, Batasuneko estaturik aberatsena da.

- malta: Ingurumenaren babesaren eta gehiegikeria urbanistikoen kontrako mezuarekin Alternatiba Demokratikoa nazionalisten eta laboristen nagusitasuna hausten saiatuko da.

- polonia: Gobernua krisian sartuta joango dira poloniarrak bozkatzera. Bruselak langabezia, pentsioak eta bestelako gai sozialak konpontzeko eskatu dio Varsoviari.

- portugal: Europako Konstituzioaz egitekoa zen erreferenduma atzeratu izanak herritarren interesa gutxitu du azkenaldian. Gobernu koalizioan diren alderdien eta oposizio sozialiastaren arteko lehia handia espero da.

- suedia: Joan den urteko irailean euroari ezetza eman ondoren, Europako Batasunaren inguruko politikagintza polarizatu egin da eta horrek alderdi gehienei eragin die. Sozial Demokrataren jarraitzaileen erdiak euroaren kontrakoa direnez gero, alderdi euroeszeptikoen zein abstentzioaren mesedetan botoak gal ditzakete.

- txekiar errepublika: Martxotik hona parte hartzearen inguruko aurreikuspenak %60tik %23ra jaitsi dira, eta giro euroeszeptiko handia dago. Sozialdemokratei ematen diete garaipena inkestek.

- zipre: Soilik greziar zipretarren zatiko biztanleek izango dute bozkatzeko aukera, turkiarren menpeko zatia ez baita EBn sartu. AKEL ezkerreko alderdia da faborito nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.