«Europa osoko mugimendu bateratuaren hasiera da hau; denborarekin, handituz joango da». Hala iragarri du Stephen Lennon-ek, EDL Ingelesen Defentsarako Ligako buruak, eta musulmanen kontrako Europako liga koordinatua sortu nahi dutela jakinarazi du. Islamaren gorakada salatzeko manifestazioa egin zuten atzo Aarhusen, erakunde horren Danimarkako adarrak deituta—DDL Danimarkako Defentsarako Ligak—; hamar talde izan ziren. Mugimendu antifaxistek aurre egin zieten, ordea, eta 25 bat atxilotu izan ziren. Ehun bat lagun ziren ligakoen protestan; 5.000 inguru haiek defendatzen dutenaren aurka egitera joandakoak.
«Xariari buruz —lege islamikoa—, immigrazioari buruz eta Europaren etengabeko islamifikazioari buruz» eztabaida publikoa bultzatu nahi dute. Islama da taldearen jomuga, baina ez dute euren burua eskuin muturreko taldetzat hartzen. Dena den, kide gehienak lotura estua dute mugimendu horiekin. Philip Traulsen DDLko burua, esaterako, hainbat talde neonazitakoa izan da.
«Arrazakeriarik ez dugu onartuko. Talde neonazietako kideak ez dira ongi hartuak», zioen DDLko manifestaziorako deiak, baina Danimarkan izua sortu du musulmanen kontrako bilkurak.Danimarkan eta beste hainbat lekutan egiten dituzten manifestazioetan ez dute lortzen jendetza erakartzea, baina entzute handia hartzen ari dira, Nick Lowlesen arabera. Faxismoaren eta arrazakeriaren kontrako Hope Not Hate erakundeko kidea da bera, eta ligak ondorio kaltegarriak ekarriko dituela uste du. «Islama kulturen arteko gerra baten modura aurkezten dute, eta horrek ohiko mezu arrazistak baino arrakasta handiagoa dauka. Muturreko islamismoa eta immigrazioa lotzen dituzte, eta egungo egoera ekonomikoan oso arriskutsua da hori».
Frantzian izan diren hilketek are gehiago indartu dute eskuin muturreko taldeen ospea. Izan ere, ustez hiru militar eta lau judu hil zituen Mohamed Merahen ekintzak islamismoarekin lotu dituzte. Poliziaren bertsioaren arabera, Merahek Al-Qaedaren ekintzaile jihadista zela aitortu zuen. Al-Qaedarekin lotura duen Yund al-Jilafa taldeak, gainera, erasoak aldarrikatu ditu. EDLri hauspoa eman diote Frantziako gertakariek.
Aurreko ahaleginek, huts
Ez da lehen aldia EDLk Europan indarrak batzeko ahalegina egiten duela. Orain arteko saio guztiek huts egin dute, ideologiaren inguruan eztabaidak izan dituztelako, ez dute mugimenduan lidergo sendo bat sortu.
2010eko urrian EDLk mugimendua Europa osoan zabaltzeko manifestaziora deitu zuen Amsterdamen; 60 lagun inguru bildu zituen, eta liskarrak piztu ziren Ajax futbol taldeko jarraitzaileekin eta mugimendu antifaxistetako kideekin.
Eskuina gora Europa osoan
Anders Breiviken aurkako epaiketa hastear dela egin dute manifestazioa musulmanen aurkako taldeek. Hain justu, iazko uztailean Breivikekintzaile anti-islamistak Norvegian 77 lagun hil ondoren kolpe handia izan zuten eskuin muturreko taldeek, eta arnasa hartu nahi du berriro.
EDL eta eskuin muturreko talde horien atzean faxismoa ezkutatzen dela salatu du Bat Egin Faxismoaren Aurka erakundeko bozeramaile Weyman Bennetek. «Antisemitismoa anti-islamismoarekin aldatu dute, besterik ez». Massimo Introvigne soziologo eta OSCE-ko ordezkariak ere eskuin muturreko pentsaera berri baten sorreraz ohartarazi du: «Naziena ez den ideologia». Massimoren hitzetan, immigrazioaren aurkako eta Israelen aldeko mugimendu berri bat gora egiten ari da Europan.
Norvegian, hain zuzen, Garapenaren Alderdiak 2009ko presidentetzarako hauteskundeetan bozen %22,9 lortu zituen, islamizazioa salatuz, errefuxiatuen zentroak ixteko eskatuz eta immigrazioa mugatzeko eskatuz. Uztaileko hilketen ondoren alderdiak babesa galdu badu ere, oraindik ere bera da oposizioko indar nagusia. Finlandian ere, Benetako Finlandiarrak eskuin muturreko alderdiak 200 eserlekutik 39 eskuratu zituen iragan abenduko bozetan. Suedian, berriz, Suediako Demokratak alderdiak legebiltzarrean tokia eskuratu zuen, hogei urtez kanpoan egon eta gero. Danimarkako Alderdi Popularrak 1998tik gora egin du etengabe, eta gaur egun 25 eserleku ditu legebiltzarrean.
Urteetan Frantziako Fronte Nazionaleko buru izandako Jean Marie Le Pen eta Austrian Jors Haider izan dira eskuin muturreko erreferenteak Europan. Frantzian eta Austrian ez ezik, Herbehereetan, Belgikan, Suitzan eta Italian indar handia hartu dute talde neonaziek, herrialdeko politikan eragiteko adina. Immigrazioaren aurka egiten dute, eta azken urteetan musulmanen kontra bereziki. Adituen hitzetan, hain zuzen, etorkin musulmanen ugaritzea izan da eskuineko taldeen gorakadaren arrazoietako bat. 2001eko AEBetako atentatuen ondoren, are gehiago indartu da islamismoaren aurkako mugimendua. Cristina Manzano FRIDE Nazioarteko Harremanetarako eta Kanpo Elkarrizketarako Fundazioko zuzendariordearen hitzetan, krisi ekonomikoa da beste arrazoietako bat: «Irailaren 11ren ondotik musulmanen aurka sortu zen gorroto sentimendua areagotu du krisiak».
Europan bat islamaren kontra
Eskuin muturreko hainbat taldek liga bat sortu dute musulmanen aurka; Danimarkan manifestazioa egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu