Europako Batasuneko estatuetako agintariek goi bilera berezia egingo dute datorren astelehenean, errefuxiatuen krisiari irtenbide bat ematen saiatzeko. EBren barruan hartutako konpromisoak betetzen ez dituzten estatuak zigortzeko eskatuko du han Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak.
Tsiprasek bilera bat egin du gaur Donald Tusk Europako Kontseiluko lehendakariarekin, eta, biek batera eman duten prentsaurrekoan, jakinarazi du "elkartasunezko banaketa" egitea eskatuko duela astelehenean, EBren "funtsezko oinarria" dela argudiatuta: "Espero dut onartzea Greziak ezin duela bere gain hartu zama guztia; Lisboako Itunak dio elkartasunezko banaketa egin behar dela. Guk konpromisoak betetzen ditugu, eta betetzen ez dituztenak zigortzea espero dugu".
Izan ere, Greziak ahal baino errefuxiatu gehiago hartu ditu, Tsiprasen esanetan, eta, horregatik, ezin diete behar bezala lagundu, nahiz eta beren "kulturak" horretara bultzatzen dituen: "Greziak ahal duen guztia egingo du behar dutenei laguntzeko. Gure kulturaren parte da; beste batzuek ez dute kultura bera".
"Ez etorri Europara"
Tuskek, berriz, "errefuxiatu ekonomikoen" gainean jarri du ardura. "Datozen tokitik datozela", Europara ez etortzeko esan die, "beren burua eta dirua arriskuan" ez jartzeko, eta "mafiei ez sinesteko". Gainera, ohartarazi die Grezia ez dela bertatik igarotzeko herrialde bat izango, eta Schengengo arauak indarrean jarriko dituztela.