Herbehereak

Europarekiko desadostasunak indartuz doaz

Ukraina eta EBren arteko akordioari buruzko galdeketa egiten ari dira Herbehereetan. Azken inkesten arabera, hautesleen %37 daude haren aurka. Ezezkoaren aldeko kanpaina egin dutenek, EBtik irteteko lehen urrats gisa aurkeztu dute galdeketa.

Goizean goiz zabaldu dituzte Herbehereetako hautes-guneak. BAS CZERWINSKI / EFE
arantxa elizegi egilegor
2016ko apirilaren 6a
08:10
Entzun

Goizeko 7:30etatik zabalik daude Herbehereetako bozka-guneak. Herritarrek erantzun beharreko galdera, berriz, Europako Batasunaren eta Ukrainaren arteko elkarlanean sakontzeko akordioekin bat ote datozen. Hitzarmen horiek indarrean daude 2014ko azarotik, baina behin-behinean soilik, izan ere, EBko 28 estatuek berretsi behar dituzte, bere osotasunean ezarri ahal izateko. Ukrainako herritarrei bisaturik gabe Europatik bidaiatzeko aukera ematen dien puntua da Herbehereetan eztabaida gehien eragin duena.

Hitzarmenak berresteko tramite hutsa litzatekeen galdeketa, ordea, kezka iturri bilakatu da koalizio gobernuarentzat eta Bruselarentzat. Izan ere, ezezkoaren aldeko kanpaina sustatu dutenek argudiatu dute migrazioen inguruko erabakiak estatu bakoitzak hartu beharko lituzkeela, eta ez Bruselak. Hala, ezezkoak irabaziz gero, argi geratuko litzateke Herbehereetako herritarren gehiengoa ez datorrela bat EBren politikekin, eta indartu egingo litzateke nabarmen batasunetik ateratzeari buruzko erreferenduma egiteko eskatzen dutenen jarrera.

Galdeketa loteslea ez den arren, parte hartzeak %30eko langa gainditzen badu eta ezezkoak irabaziz gero, liberal eta sozialdemokratek osatutako koalizio gobernuak akordioarekiko jarrera alda dezake, hura sinatzeak herritarren haserrea eta eskuin-muturraren gorakada ekar dezakeen beldur.

Joan den asteartean Volkskrant egunkariak plazaratutako inkestaren arabera, hautesleen %37k bozkatuko luke akordioaren aurka, %30ek alde, eta %33k zalantzak agertu ditu. Emaitza ofizialak apirilaren 12an emango ditu Gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.