VVD Askatasunerako eta Demokraziarako Herriaren Alderdia liberal-kontserbadorea gailendu da Herbehereetako Parlamenturako bozetan. 150 diputatutik 41 lortu ditu, eta PvdA Alderdi Laborista bigarren postuan geratu da, 39 aulkirekin. Hala, EB Europako Batasunean jarraitzearen alde dauden alderdiak izan dira nagusi. Izan ere, EB Europako Batasunarekin aurrerantzean izan beharreko harremanari buruzko izan da kanpainako eztabaidagai nagusia, krisi ekonomikoaren gaiarekin batera. Kanpainan bi alderdi horietako buruek koaliziorik ez dutela osatuko adierazi badute ere, emaitzen berri izan ostean mezu horiek baretu egin dira apur bat.
VVDko Mark Rutte lehen ministro ohiak eta PdvAko Diederik Samsonek, bi alderdietako buruek nahi dute Grezia, Espainia, Portugal eta Italiaren aurrean jarrera gogorra erakustea. Europa hegoaldeko herrialde horien krisia iparraldekoen bizkar gelditu delako ustea hedatu baita Herbehereetan ere, iparraldeko beste hainbat herrialdetan bezala. Liberal-kontserbadoreek aurreko agintaldian baino hamar diputatu gehiago dituzte, eta laboristek, berriz, bederatzi gehiago. Batuz gero, aise lortuko lituzkete parlamentuko diputatuen erdiak baino gehiago, baina kanpainak iraun duen artean bi alderdietako liderrek uko egin diote elkarlanari, haien programak ez baitatoz bat gizarte politikei dagokienez.
Baina bozetako lehen emaitzen berri izan orduko, Samson laboristak adierazi du prest dagoela «koalizio egonkor baten alde egiteko», eta azaldu du badela garaia «gizarte batu eta egonkor bat lortzeko». Rutte liberal-kontserbadorea, berriz, pozik agertu da emaitzarekin, eta adierazi du azken urteetako politika berarekin jarraitzeko «bultzada» izan direla hauteskundeak. Koalizio gobernua zein alderdirekin osatuko duen argitu ez badu ere, azaldu du «batera lan egiteko» garaia dela.
Edozein eratara, liberalek izendatu dute hurrengo koalizio gobernuaren prestaketaz arduratuko den ordezkaria: Henk Kamp, orain arte Gizarte Gaietarako ministroa izan dena, aurki hasiko da parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztietako buruekin elkarrizketak egiten. Orain arte Beatrix erregina arduratzen zen horretaz, baina aurtengo urte hasieran erregina bitartekaritzatik at uztearen alde agertu zen parlamentua. Herbehereetako Mugarik gabeko Prentsa Askea erakundeko zuzendari Leon Willemsek adierazi du egokia dela Kamp, «VVD eta PdvA ados ez dauden arloetako ministroa izan delako».
Langileen hiru sindikatu nagusiak ere mintzatu dira koalizioaz, eta «lehenbailehen» ados jartzeko eskatu diete alderdiei. CNV sindikatuko buru Jaap Smiten ustez, «herrialdeak arazo handiegiak ditu koalizioaz eztabaidatzen hilabeteak pasatzeko». Baikortzat jo du EBren aldeko alderdiek irabaztea, «Herbehereetako industriarentzat eta nazioartekoposizioarentzat ona delako».
Koalizioa lortzera behartuak
Garaile izan diren bi indarrek ordezkaritza txikiagoarekin geratu diren alderdiekin bat egin nahiko balute, gobernua osatzea zailduko litzaieke. Izan ere, SP Alderdi Sozialistarekin (15 diputatu) edo CDA Aldarri Kristau Demokratarekin (15 diputatu) elkartuz gero, gutxiengoan gobernatu beharko bailukete. Ondorioz, PVV Askatasunerako Alderdiarekin batzera behartuak leudeke, eskuin muturreko alderdiarekin, eta bera da azken koalizio gobernuari babesa kendu ziona, eta bozak bi urte aurreratzearen eragile nagusia.
Horrez gain, PVVk zabaldu ditu hauteskunde kanpainan Europaren aurkako mezuak, Herbehereek EBtik eta eurogunetik irten beharko luketela aldarrikatuz. SPk ez du hain urrutira jo, baina Bruselaren esku hartzea kritikatu du kanpainan, eta «politika sozialagoak, gizatiarragoak eta iraunkorragoak» eskatu ditu. Hain justu, EBrekiko kritikoen agertu diren alderdiei murriztu zaie herritarren babesa hauteskundeetan, CDAri ez ezik. PVV eskuin muturreko alderdiak izan du bozetan beherakada handiena, eta azken agintaldiko 24 diputatuetatik bederatzi galdu ditu. Ezker Berdeak ere parlamentuan zituen hamar aulkitatik zazpi galdu ditu, eta sozialistek bozetan «arrakasta izatea» espero bazuten ere, orain arteko aulki kopuru bera mantentzea baino ez dute lortu.
Izan ere, Emile Roeme SPko burua hasierako inkestek bigarren tokian kokatu zuten, nahiz eta joerak Samson laboristaren aldera egin zuen gero. Alderdi euroeszeptikoen aurkako jarrera indartu izanaz, politika adituek adierazi dute botoa eman duten herritarrek «muturreko politikak amaitzea» nahi dutela, eta zentroko alderdiak babestu izanak herritarrak «Europan jarraitzearen alde» daudela erakusten duela.
«Hondamendia»
2010eko bozetan ere liberal-kontserbadoreek lortu zuten boto gehien, eta demokristauekin koalizioa osatzeaz gain, eskuin muturraren babesa bilatuta ekin zion Ruttek gutxiengoan gobernatzeari, zeina hirugarren indarra baitzen. Orduan, etorkin musulmanen eta islamaren aurkako adierazpenak izan ziren mintzagai nagusia. Baina herenegungo bozetan beherakada izan du PVVk, eta alderdiko buru Geert Wildersentzat «astinaldia» izan da bederatzi diputaturen galera, eta hondamenditzat jo du bozetako emaitza. Hala ere, bere diskurtsoari eutsi dio, eta herritarrek «Europa zeinen gaizki doan ikustea» desiratu du, «denborarekin lehengora itzultzeko».
Europako Parlamentuak, aldiz, ospatu egin du Herbehereetako herritarrek bozetan «Europaren aldeko apustua» egin eta muturreko politikak «zigortu» izana. Europako Parlamentuko presidente Matin Schulzek adierazi dubozetako emaitzek «Europarekiko konfiantza» erakusten dutela eta garaile irten diren alderdiek «aurrera egiteko bide egokia» hautatu dutela.
Europaren aldeko apustua
Liberalen eta laboristen alderdiek lortu dute ordezkaritza handiena Herbehereetako Parlamentuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu