BOLIVIAKO HAUTESKUNDEAK

Evo Moralesek gehiengo absolutua lortu duela berretsi dute datu ofizialek

Petrolio enpresekin sinatutako itunak legez kanpokotzat joko ditu presidente berriak

Kristina Berasain Tristan.
2005eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Evo Morales indigenak iragan igandeko bozetan lortu zuen sostengua hasierako emaitzek islatutakoa baino zabalagoa da. Botoen %95 zenbatuta ezkerreko hautagaiak %54,1 lortu zituela jakinarazi zuen atzo Hauteskunde Batzorde Nazionalak. Kopuru hori handitu egin daiteke, dena den, behin betiko emaitzak ezagutzera ematen dituztenean; izan ere, zenbatzeke dauden bozak nekazaritza eremuetakoak dira eta bertan hautagai aimarari sostengu zabala eman diotela aurreikusten da. Presidentetzara, ildo horretan, gehiengo absolutua eskuratuta iritsiko da Morales. Jorge Quiroga hautagai kontserbadoreak botoen %28 eskuratu ditu. Samuel Doriak, berriz, %7,9.

Bolivian herritarren %60 baino gehiago indigenak badira ere, historiako aurreneko presidenteindigena izango da Evo Morales. «Mugimendu sozialena izango da Gobernua».

MAS Sozialismoranzko Mugimendua alderdiko kideekin eta gizarte mugimenduetako hirurehun ordezkari baino gehiagorekin indigenak gehienakbildu zen herenegun presidente berria Cochabamban. «Zorionez, herriari boterea emateko garaia iritsi da». Hainbat ordu iraun zuen bilerara sartu aurretik, sektore guztien ekimenak aintzat hartuko zituela eta ministroen izenak eztabaidatuko zituztela esan zuen Moraselek. Urtarrilaren 22an kargua hartuko duen exekutiboaren osaketa prestatzen aritu ziren. Nekazariek, meatzariek eta enpresaburu txikiek gobernuan ordezkatuta egon nahi dutela jakinarazi zioten Moralesi. Exekutiboan parte hartuko duten izen batzuk zabaldu ziren atzo. Juan Ramon Quintana militar ohiak eta analista politikoak ministerio bat eskuratuko duela eman zuten aditzera hainbat informazio iturrik. Sacha Llorenti giza eskubideen ekintzaileak, berriz, justizia saila zuzenduko duela zabaldu zuten.

Cochabamban egindako bileran bi batzorde eratzea erabaki zuten parte-hartzaileek. Aurrenekoa kargu-hartzearen eguneko protokoloa prestatzeaz arduratuko da. Gobernu berria osatzeko lanaz arduratuko da bestea eta politika, ekonomia eta gizarte aferak landuko dituzten batzorde txikiagoak eratu dituzte horretarako ordezkari indigenak daude guztietan.Presidente kargua hartuko duen egunean ez duela ez trajerik eta ez gorbatarik eramango adierazi zuen atzo Moralesek: «Egun horretan nire kolore urdin iluneko txamarrarekin eta alkandorarekin joango naiz ekitaldi guztietara». Eduardo Rodriguez behin-behineko presidentearekin bildu zen botere aldaketaz mintzatzeko.

Enpresaburuak, kezkatuta

Moralesek iragarri dituen aurreneko neurriek kezka eragin dute nazioarteko enpresaburuen artean. Petrolio enpresekin sinatutako itunak, zentzu horretan, legez kanpokotzat joko dituela eman zuen aditzera buruzagi indigenak. 1997. urtean indarrean jarritako lege baten arabera, multinazionalek petrolio putzuen sarreretan dauden erregaien jabegoa dute. MASen ustez, alta, klausula hori legez kanpokoa da eta jabegoa estatuarena dela aldarrikatzen du. British Petroleum eta Repsol enpresek oraingoz herrialdean segituko dutela eman dute aditzera. Petrobasek, berriz, bertan behera utzi ditu inbertsio proiektuak. Orotara nazioarteko hogeita sei petrolio enpresa ari dira lanean Bolivian.

Moralesek, era berean, azken urteotan telekomunikazioak eta argindarra pribatizatzeko sortutako erakundeak bertan behera utziko ditu.Santa Cruz eskualdean ere kezkatuta daude. Mutun izeneko meategia burdina eta manganeso erreserba handienak dituen meategia kudeatzekoeskaintza publikoa bi hilabetez bertan behera utzi zuten atzo.MASek presioak egin dituela eman zuten aditzera, hemendik bi hilabetera kudeaketa bertako enpresa bati eman ahal izateko. Nazioarteko bost enpresa ari ziren lehiatzen kudeaketa lortzeko.

 

 



 

 

NAZIOARTEKO DIRU FUNTSA



 

Boliviari 251 milioi dolarreko zorra barkatu dio





NDF Nazioarteko Diru Funtsak munduko hemeretzi herrialderi zorra barkatuko diela iragarri zuen atzo heldu den urtearen hasieran sartuko da indarrean neurria. Orotara 3.300 milioi dolar zor zizkioten erakundeari herrialdeek. Bolivia dago barkatuak izan diren herrialdeen artean. NDFri 251 milioi dolar zor zizkion eta lau urteko epea zuen zorra kitatzeko. Nikaragua 137 milioi dolar eta Honduras ere120 milioi dolar badaude zerrendan. Benin, Burkina Faso, Kanputxea, Etiopia, Ghana, Guyana, Madagaskar, Mali, Mozambike, Niger, Ruanda, Senegal, Tanzania, Tadjikistan, Uganda eta Zambia dira gainerakoak.

NDFko zuzendari Rodrigo Ratok «garai historikoa» zela esan zuen. Erakundeak 43 herrialde aberatsen oniritzia behar du barkamena gauzatzeko eta oraingoz 37 herrialderena jaso du.G8 taldeak ekainean egindako promesaren aurreneko emaitza da neurria. Herrialde pobreen zorra barkatuko zutela agindu zuten orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.