Bolivia

Evo Moralesen agintaldiari buruzko erreferenduma, abuztuaren 10ean

Boliviako presidenteak 2005eko hauteskundeetan lortu zuen sostengua beharko du; %53,7 eskuratu zuen orduan.

2008ko maiatzaren 12a
18:59
Entzun
Evo Morales Boliviako presidenteak bere, presidenteordearen eta eskualdeetako gobernadoreen agintaldia atzera botatzeko edo berresteko erreferenduma deitu du gaur, lehengo astean iragarri bezala. Hain zuzen, abuztuaren 10ean izango da galdeketa hori.

Hala, herritarren eskuetan utzi du bere etorkizun politikoa. "Herritarren eskuetan jartzeko jarrera berretsi nahi dut; gobernatzeko zeinek balio duen eta zeinek ez erabakitzea herriaren eskuetan dago", zioen lehengo astean. Senatuak presidentearen agintaldia kolokan jartzeko asmoa duen proiektua onartu eta berehala egin zituen adierazpenak Moralesek. Haren hitzetan, "demokrazian sakontzeko" modua da galdeketa.

Moralesek 2005eko abenduan egindako hauteskundeetan lortu zuen sostengua beharko du, gutxienez, erreferendumean karguan jarraituko badu. MAS Sozialismorako Mugimenduko buruzagiak gehiengo absolutua eskuratu zuen urte hartako abenduaren 28an -botoen %53,7-; orotara 1.544.37 boto.

Orduko botoei eusteko gai ez bada, hiru eta sei hilabete arteko epean bozak deitu beharko ditu. Berez bost urtekoak dira agintaldiak Bolivian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.