Autorik ez dago. Hauteskunde egunetan debekatua dago autoa hartzea Bolivian. Alkohola edatea eta elkarretaratzeak antolatzea ere. Poliziak, anbulantziak, begiraleak eta kazetariak baino ezin dira batetik bestera ibili autoetan. Jendetza dago parkeetan, herritarrak bizikletaz dabiltza kaleetan eta errepideetan futbol zelaiak sortzen dituzte bat-batean. La Paz hiriburuan goiz-goizean hasi dira herritarrak bozkatzen. Sopocachi auzoan eman du boza goizeko zortzietan puntu-puntuan Cecilia Sanchezek. Bozkatu ondoren mintzatu zaigu, aurretik hainbat egunez ezabatzen ez den tinta urdinaz pintatuta duen hatza erakutsiz: «Boza ematera etorri behar dugu, hau festa demokratiko bat da. Boliviarrei bozkatzea gustatzen zaigu, eta nik argi dut nori eman botoa».
Evo Morales presidentea sostengatu du, haren izena aipatu ez badu ere. Moralesek berak ordu eta erdi geroago eman du botoa jaioterrian, Chaparen, Cochabamban: «Bolivian aurreneko aldiz dugu demokrazian sakontzeko aukera». Adierazpenak egin ondoren kazetariei herriko frontoian erraketan jokatzeko desafioa egin die -futbolarekin batera bere kirol zaletasunen artean dago erraketan aritzea-.
El Altoko bozkalekuak bete-beteta daude. La Paz hiriburuaren gainean zintzilik dagoen hirian ohituta daude goiz jaikitzera. Milioi bat lagun bizi dira eta hamabitarako denek eman dute botoa. Zenbaketa lanetan ari den lagun batek ziurtatu du zenbatu dituzten 40 bozetatik guztiak direla presidentearen aldekoak: «Evoren eremuan gaude».
Tupac Katari auzoko hauteslekuaren kanpoaldean zopa eta bigarren platera banatzen ari dira hogei zentimoren truke. Indigena aimarak dira herri jantokietara hurbiltzen dira. Lotsatiak dira berez aimarak eta nekez egiten dituzte adierazpenak. Jacinto Mamanik isiltasuna hautsi du: «Evorekin gaude hemen, denak pobreak gara». Filomena Quispe haren bikotekidea da, eta presidentea zergatik sostengatu duen azaldu du: «Juancito Pinto bonua banatzen duelako gure artean». Haurrek eskolara joateari ez uzteko, urtero sendien artean banatzen den 20 euroko bonuaz ari da. Herritar xumeentzat dirutza da hori, edadetuen artean banatzen den diru laguntzarekin batera; Bolivian, izan ere, gutxieneko soldata 100 eurokoa da eta herritar gehienek ez dira kopuru hori poltsikoratzera iristen.
Achacachirako bideari ekin diogu. La Paz hiriburutik iparraldera 87 kilometrora dago. Bidean, kiskali egiten duen eguzkipean, llamazainak eta artzainak baino ez daude. Achacachin 12.000 lagun bizi dira. Indigena aimaren matxinaden gotorleku historikoa da XVIII. mendetik. La Paz hiriburua hainbat hilabetez setiatuta izan zuten eta poncho gorriek ere hemen izan zuten jatorria -30. hamarkadan fusilekin borrokatu zen talde armatu bat dira poncho gorriak-.
Illampu mendi elurtuaren itzalean dago Achacachi. Orotara hiru hautesleku ezarri dituzte hirian, horietako bat lurrezko eta hautsezko futbol zelai batean. Omasuyos auzoko hauteslekua da. Constantino Pomak han eman du boza: «Kontzientzia da hemen inporta duena, aberats okituek ez gaituzte aintzat hartzen, eta gu poncho gorriekin gaude, aldaketa prozesuarekin gaude».
Pedro Quinak Santa Cruz mariskala auzoan eman du boza. Urrutitik etorri da bozkatzera: «Taramaya komunitatean bizi naiz, hemendik bi ordura oinez. Egunsentia baino lehen jaiki naiz, oraindik gaua zela, bozkatzera etortzeko. Badira oraindik urrunago dauden komunitateetatik etorri direnak, hiru orduko ibilaldia egin behar izan dute; baina boza ematea beharrezkoa da morrontza amaitzeko, 500 urteko esplotazioa amaitzeko, hainbat urtetako neoliberalismoa amaitzeko; anaia presidentearekin egon behar dugu, bera ere gurekin baitago».
Egunak aurrera egiten du eta eguerdi partean aurreneko emaitzak ematen hasi dira irratiak. Bolivian tradizioa da aurrenekoz kartzeletako emaitzak ematea. Cantumarca presondegian marka guztiak hautsi ditu Moralesek: 46 botoetatik 44 eskuratu ditu. Potosin dago kartzela hori, 4.200 metrora.
Arratsaldeko seietan jakinarazi dituzte inkesten aurreneko emaitzak. Evo Morales sostengatu dute herritarrek. Santa Cruz, Beni, Pando eta Tarija ekialdeko eskualdetako gobernadoreek, baina, sostengu zabala jaso dute ere. Boliviaren zatiketa agerian gelditu da beste behin. Evoren mendebaldea eta oposizioaren ekialdea.
Egunsentia baino lehen jaiki naiz, gaua zela,boza emateko; anaia presidentearekin gaude»
pedro quina
Taramaya komunitateko indigena
«Evorekin gaude hemen»
La Paz inguruetan bizi diren herritarrak goiz joan dira bozkatzera; presidenteari sostengua ematea indigenen eskubideak bermatzeko modua dela argi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu