'Macron legea'

Ez da aurrera atera Frantziako Gobernuaren aurkako zentsura mozioa

289 diputaturen babesa behar zuen mozioak, baina 234rena lortu du. 'Macron legea'-ren onarpena eragin du horrek.

Emannuel Macron Frantziako Ekonomia ministroa Manuel valls lehen ministroari begira, azken horrek Macron legearen eztabaida eten berritan. ETIENNE LAURENT, EFE
Iker Aranburu-Miren Garate
2015eko otsailaren 18a
21:27
Entzun

Bruselari keinu indartsu bat egiteko proiektua behar zuena Frantziako Gobernuaren ahultasunaren erakusgarri bilakatu da. PSko frondeur edo diputatu suminduen babesik gabe Macron legea kolokan zegoela ikusita, Manuel Valls lehen ministroak trikimailu konstituzional bat baliatu zuen testu hori bozketarik gabe onartzeko. Arazoa da horretarako eskumena ematen dion Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikuluak bere gobernua bera arriskuan jartzera eraman duela Valls, oposizioari zentsura mozio bat jartzeko aukera ematen baitio.

Dagoeneko egin dute hori UMP eskuindarrak eta UDI zentristak, eta bozkatu du Frantziako Asanbleak. Espero zen legez, egitasmoa ez da aurrera atera, eta beraz, legea onartzea eragin du horrek.

Lehen, «astakeria» zen

Ataka gaindituta ere, higadura jasan du gobernu sozialistak, inoiz baino ageriago geratu delako bere gehiengoaren ahultasuna eta bere mezu batzuen funsgabetasuna. Izan ere, oposizioan zegoenean, Konstituzioaren 49.3 artikuluaren aurka epelak bota zituen François Hollande oraingo presidenteak: «Astakeria bat da, demokraziaren ukazioa».

Baina kontraesan horiek bigarren mailan utzi ditu Hollande-Valls bikoteak, jokoan zegoena ez baitzen lege soil bat, duela urtebete abian jarritako ildo liberalagoaren proiektu izarra baizik. Neurri batean Bruselaren eta Berlinen neurrira egindako lege bat da, defizit publikoa murrizteko denbora gehiagoren truke egiten zaien keinu erreformatzailea. Haien aurrean, tinko azaldu da Valls: «Ezerk ez gaitu uko egitera eramango, ezerk ez gaitu gibeleratuko».

Ekonomiaren zenbait atal liberalizatzea du helburu Macron legeak, horrela jarduera sortu eta hazkundea eta enpleguak sortuko direlakoan. Saltokiak igande eta jaiegunetan gehiagotan ireki ahal izatea, notarioak eta beste lanbide arautuak lehiari zabaltzea, eta autobus linea erregularrak sortzeko aukerak sortu ditu komentario gehien, baina gidatzeko baimenei buruzko erabakiak, pribatizazioak, taldekako kaleratzeak edo gehieneko pentsioen kontrola ere arautzen dituen eiite liberaleko beste zenbait neurriren bilduma da. Macron legea izena darama legeak, nahiz eta haren aurreko ministroa —Arnaud Montebourg— hasi zen gaia lantzen.

Zentsura mozioak porrot egin arren, eskuinak ez du aukera galdu gobernuaren ahultasuna nabarmentzeko. «Egun garrantzitsuan egia azaleratu du: ez dago ez gehiengorik, ezta gobernurik ere», esan du Nicolas Sarkozy UMPko buruak, txio batean, eta gogorarazi du bera agintean izan zen bost urtetan ez zuela behin ere artikulu hori baliatu. Eskuineko gobernuburu bat izan zen erabiltzen azkena —Dominique de Villepin—, baina Jacques Chirac presidente zela.

Baina eskuinak ere baditu bere kontraesanak: Macron legearen atal gehienekin ados zeuden, eta gobernuari aurka egitearren eman behar zioten aurkako botoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.