Ezezkoa aurreratu du Raxoik

Espainiako presidenteak esan du «konstituzioa aplikatu» besterik ez duela egingo, itun fiskala ez dagoela negoziatzerikCiUren arabera, «erabakigarria» izango da gaurko bilera; ondorioak izango ditu

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Kataluniako eta Espainiako gobernuetako presidenteek gaur duten hitzorduaren aurretik, independentziaren nahiz batasunarenaldekoen jarrera erakustaldia izan da aurreko egunetan, atzo ere bai, eta gaurko bilerak eman dezakeenaren aurrerapena egin dute, neurri handi batean. Mariano Raxoi Espainiako presidenteak —beste batzuek ere bai— banaezintasunaren printzipioari eutsi dio, bezperan Espainiako errege Juan Carlos Borboikoak egin bezala, eta ondorioztatu du Kataluniarekin ez dagoela ezer negoziatzeko: ez itun fiskalik eta are gutxiago independentziarik.

1978ko Konstituzioan dago katalanen eskaerentzako erantzuna, Raxoiren arabera, eta «Konstituzioa aplikatu» besterik ez du egingo: Konstituzioaren 2. artikulua, alegia, zeinak «Espainiaren batasun hautsiezina» aipatzen duen. Eta, itun fiskalari dagokionez, aurreratu du prest dagoela Masekin finantzaketa sistemaren hobekuntza aztertzeko, baina inola ere ez kontzertu ekonomikorik edota itun fiskalik.

Baina gaur Moncloan gertatzen dena erabakigarria izango da Generalitatearentzat, eta perspektiba hori galdu gabe prestatu du gobernuak bilera. Herenegun prestatu zuen taldeak, asteroko bileran, egungo egoera politikoa oso zaila dela jakitun. «Espainiako Gobernuak oso ongi daki itun fiskalaren eskaera nola dagoen eginda, eta, beraz, bilera erabakigarria izango da», Francesc Homs Generalitateko bozeramaileak jakinarazi duenez.

Ez dute aurreratu nahi izan zertan izango den erabakigarria; gertatzen denean ikusiko dira ondorioak, baina baliteke ondorioetako bat Kataluniako hauteskundeak aurreratzea izatea, Raxoik katalanen eskaerei ateak itxiz gero. Erabakia Masen esku dago, baina urtea amaitu baino lehen aurreratuko dituela gero eta zabalduagoa dago CiUko politikarien artean. «Erabakigarria izango dela esatea jada garrantzia ematea da».

Baina, askotan esan bezala, Raxoirentzat, ez da horretarako unea. Haren ustez, beste arrazoi bat badu Artur Mas Kataluniako presidenteak azkenaldian buruan darabiltzan ideiak alboratzeko: egun «Espainiak duen egoera larriak arduratu behar lituzke katalanak, eurak ere estatu direlako». «Ezin da desegonkortasun politikoa eragin erabaki desegokiak hartzeagatik. Okerrena okerrean tematzea da». Espainiako erregearen ildo beretik, errua «gainerakoei» ez botatzeko eskatu die «nazionalistei», eta «denek batera» parte hartzeko, herritarren interesen alde eta ez euren ideologiaren interesen alde. Haren ustez, CiUri gainezka egin diojarrera independentista, eta sustatu egin du, arduragabeki jokatuz: «Egoera batzuk eskutik joaten dira».

Baina, arduren kontzeptua gutxienez eztabaidagarria denez, Josep Duran i Lleida Espainiako Kongresuko CiUko bozeramaileak Espainiako Gobernuari gogorarazi dio arduragabekeria «Kataluniako estatutuarekin Auzitegi Konstituzionalak izan zuen jarrera» dela, Kataluniako estatutuaren kontrako erabakia hartu baitzuen, eta horrexek hauspotu duelako katalanek beste bide bat hartzeko gogoa.

Espainiako erregearen eskutitzaren gainean, berriz, Felip Puig Generalitateko Barne kontseilariak uste du «huts» egin duela hark, «egoeraren arbitro gisara» jokatu behar zuelako. Haren ustez, estatu bat eduki nahi izatea ez da ameskeria ariketa. «Mehatxuak eta lekuz kanpoko» adierazpenak, berriz, Espainian dagoen ezinegonaren ondorio direla uste du.

Iritzi gehiago

Batera zein bestera lerratzen direnen iritzi gehiago ere eman ditu atzokoak. ERC Esquerra Republikanak Raxoiri aurre egiteko orduan ausarta izateko eskatu dio CiUri: «Gasaren pedala zanpatzeko» eskatu dio Alfred Bosh Espainiako Kongresuko ERCren bozeramaileak, eta «ez frenoaren pedala». Raxoik itun fiskala eta urteetako Espainiaren eta Kataluniaren arteko negoziazioak «lurperatu» izanak bi aukera horiek utzi dizkio Masi.

PSCk, berriz, itun fiskalari eutsi nahi dio, eta uste du Raxoiren bidea okerra dela. «Ez da ateak ixteko ordua», hori egiten badu «Kataluniaren atea itxi nahi dutenei hauspoa ematea» delako. PSCren jarrera nahi eta ezinaren artekoa izaten ari da; batetik, Madrildik, Alfredo Perez Rubalcaba buru, jarrera itxia erakutsi ari delako, eta PSCko batzuek, bestetik, itun fiskalaz harago joan nahi luketelako eskakizunetan.

Batasunaren aldekoetan, azkenik, UPD, muturrenean, Kataluniako autonomia deusesteko eske.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.