Kolonbiako bake prozesua

Ezezkoa gailendu da Kolonbian, eta dudaz josi du bake prozesua

Boto-emaileen %50,2k baztertu dute bake ituna, berretsi dutenak baino 60.000 gehiagok. Abstentzioa oso handia izan da: %62koa. Santosek eta FARCek bakearen aldeko apustua berretsi dute. Su-etenak indarrean jarraituko du.

Kolonbiako herritar bat atsekabeturik, erreferendumean ezezkoak iraazi duela jakin ostean. LEONARDO MUñOZ / EFE
Adrian Garcia.
2016ko urriaren 3a
07:32
Entzun

Galdera ez zen nork irabazi behar zuen, baizik eta zenbateko aldearekin gailendu behar zen baiezkoa. Horrek ematen du bake ituna berresteko itxaropena zutenek hartutako kolpearen tamaina. Milaka boto batzurengatik apurtu da FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armadaren eta gobernuaren arteko gerra behin betiko itxi nahi zutenen desioa. Ezintasuna, haserrea, negarrak, etsitasuna… Eskura edukita urrundu egin da berriz ere gatazka armatua amaitzeko aukera. Zalantzak dira orain nagusi. Gaur bilduko da Juan Manuel Santos presidentea gainerako alderdiekin, ezezkoaren alde egin dutenekin barne. Habanara negoziatzaileak bidali ditu gobernuak, FARCekoekin biltzeko.

Emaitza jakin bezain pronto askoren burura etorri den ideia da: bonbak eta hildakoak itzuli behar dute. Haatik, beldur horiek uxatu dituzte bi aldeek. Santos presidenteak esan du alde biko su-etenak indarrean jarraituko duela. “Nire legealdiko azken unera arte bakearen alde lanean jarraituko dut”. Bestalde, Rodrigo Londoño Timochenko-k gerrillaren bakearen aldeko borondatea berretsi du, eta adierazi du “hitza” izango dela aurrerantzean haien “arma bakarra”. Timochenko: “Bakearekin amesten duen Kolonbiako herriak kontutan har gaitzala. Bakea gailenduko da”.

Goizean goizetik jende asko gerturatu da hautetslekuetara, eta horiek itxi arte ez da eten boto-emaileen joan etorria. “Egun handia gaur. Mugarria. Historia aldatuko dugu”, esan du Sebastianek bozkatu ondoren. Baina bozkalekuak itxi eta botoen zenbaketa hastean hasi dira lehen kezkak. Estua izan da lehia baiezkoaren eta ezezkoaren artean. Emaitza partzialak eman ahala ikusi da azken unera arte ez zela plebiszitoa erabakiko. Baina botoen erdiak zenbatuak zirenean-edo, gaina hartu du ezezkoak, eta gutxigatik gailendu da azkenean.

Abstentzio altua

6.359.643 pertsonek bozkatu dute gerra amaitzearen alde. 6.419.759k egin dute aurka. Abstentzioa altua izan da oso, are gehiago, kontutan hartzen bada bozketak zuen garrantziaz. Mathew urakana da arrazoi bat. Iparraldeko Karibeko kostan gogor jo du, eta lau milioi balizko boto-emaileei eragin die. Bozkalekuak ez dituzte ireki euri jasa dela eta.

Halere, horrekin bakarrik ezin daiteke azaldu abstentzio tasa altua. “Heziketa falta da, pedagogia. Kultura politikoa behar du herri honek”, adierazi du Aldo Francisco Valeriok bozkalekutik atera bezain pronto. “Lotsagarria ez da ezezkoak irabazteak. Hori gutxienekoa da, aukera bat da, zilegia. Herri honen lotsa da gehiengoak ez bozkatzea. Hor galdu du baiezkoak”. Emaitza jakin bezain pronto etxera jo du Cesarrek, burumakur.

Kolonbiarren polarizazioa erakusteaz gainera, herritarren arteko elkartasun eza ere islatzen dute emaitzek. Gatazka zuzenean sufritu duten lurraldeetan baiezkoaren aldeko botoa nagusitu da. Bojayan %95eko babesa izan du baiezkoak —2002an FARCek botatako bonba batek eliza bat jo zuen, eta bertan babestu ziren dozenaka pertsona hil zituen—; San Vicente de Caguanen %62 jaso du baiezkoak; Toribion %85arekin nagusitu da.

Barnealdeko departamenduetan ezezkoa nagusitu da, eta periferikoetan baiezkoa. Bogotan baiezkoa gailendu da 300.000 aldeko botoekin. Beste hiri handietan, berriz, ezezkoak irabazi du: Medellinen 180.000 botoen aldeagatik, eta Calin 50.000rengatik.

Oposizioan, ospakizunak

Zentro Demokratikoko egoitzan ospatu dute garaipena. Alde oso gutxigatik irabazi arren, haien eskakizunek zilegitasuna hartu dute. Edonola ere, Alvaro Uribe sentariak eta presidente ohiak zuhurtziaz jokatu du, eta esan “bakea nahi dutenen batasuna” bultzatu nahi duela. Konstituzioa da haren marra gorria. “Konstituzioa urratzen ez duen” justizia baten alde egin du. Bakerako Jurisdikzio Berezia da ezezkoaren aldekoen kexa nagusietako bat, krimenak onartzen dituztenentzat kartzela ez diren beste “askatasun murrizketak” aurreikusten baititu, nahiz eta delitu larrienak zigor gogorrak eduki.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.