Gaur Venezuelan egingo den erreferenduma erronka handia da. Ez bakarrik Hugo Chavez presidentea bide okerretik, eta, azkenean, legearen bidea erabiliz boteretik kendu nahi duen oposiziorako, baizik eta Chavezen jarraitzaileak gehiengoa direla frogatuko delako Venezuelan eta mundu osoan. Erreferenduma ahalbidetu zuen sinadura bilketan izan ziren irregulartasun salaketen ondoren, Gobernuak galdeketa onartu izanak ustekabean harrapatu zituen Chavezen jarraitzaileak, eta baita oposizioa ere. Izan ere, oposizioak orain hiru milioi eta erdi boto baino gehiago eskuratu beharko ditu, 1998ko Presidentetzarako hauteskundeetan Chavezek kopuru hori lortu baitzuen, eta orain gutxienez boto horiek gainditzea espero delako.
Galdeketa egin ahal izateko oposizioak boz horien erdiak atera beharra zuen sinadura bilketan eta kopuru hori baino 15.000 boto gehiago soilik lortu zituen. Halere, oposizioaren ahalegin guztiak bere hartan geratuko dira azken asteotako inkesta gehienen iragarpenak betetzen badira. Galdeketen emaitzen arabera, Chavezek ezezkoa-rekin baiezkoa garaituko du. Aitzitik, baiezkoak irabazten badu, presidentea boteretik kendu ahal izango dute.
Gobernuaren lorpenen eta egitasmoen pisua
Chavezen gobernua ez dute behe mailako sektoreek soilik onartu. Klase ertainak ere babesten ditu Gobernuak sektore pobreenei laguntzeko aurrera atera dituen programa sozialak, misio izenekoak. Horiek, behartsuenei laguntzeaz gain, ekonomia eta ekoizpen sektoreen aniztasuna sustatzeko mikrokredituak ematen dituzte, duela urte batzuk Venezuelak kontsumitzen zuenaren %80 inportatzen baitzuen.
Barrio Adentro (Auzo Barnera) misio edo plana da arrakasta handien izan duena. Lehen, hamabost milioi pertsonak ez zuten aukerarik Venezuelako osasun sistema publikoaren zerbitzuak eskuratzeko, eta orain venezuelarren %57 daude osasun sisteman. Ekimen horretan 15.000 mediku kubatarrek parte hartzen dute. Medikuak Venezuelako herri eta auzo pobreenetan ari dira lanean herritarren beharrei erantzuteko. Aurten egin den Zor Sozialaren hirugarren bileran Renato Guzmao OPS Osasunaren Erakunde Panamerikarreko presidenteak baieztatu zuen Venezuelak sortu zuen plan garrantzitsuenetako bat zela, eta Latinoamerikako gainontzeko estatuentzat eredu izan beharko lukeela.
Beste programa bat Robinson Misioa da. Horrek milioi bat eta erdi pertsona alfabetatu ditu hilabete batzuetan bi milioi ziren alfabetatu gabeak. Gainera, planak pertsona horiek guztiak, diru laguntza eta mikrokredituei esker, hezkuntza sisteman eta garapen programan guztiz sartu ditu . Horregatik, Nazio Batuen Erakundeak esan du Venezuela jada ez dela «alfabetatu gabeko herrialdea». Euren ikasketak bukatu ezin izan zituzten bost milioi ikaslek batxilergoa bukatu dute plan horrekin, eta goi mailako ikasketak egiten edo ekoizpen sektoreetan lan egiten dihardute. Sucre Misioari esker, unibertsitatera sartzeko prozesua demokratizatu egin da eta unibertsitate gehiago irekitzen ari dira, non ikasi ez duten 400.000 gaztek zentroren batean ikas dezaten. Programa horiei esker, ekoizpen sistema berpizteko Caracasko gobernua egiten ari den ahalegin guztiekin batera, Hugo Chavezen irudia hobetu da nazioartean eta babes handiagoa du. Orain dela bi hilabete Venezuela Mercosurren sartu zen, eta, ondorioz, merkataritza harremanak areagotu dira. Gainera, petrolioaren prezioaren igoerak programa sozial horiek finantzatzen lagunduko du, eta horrek Gobernuak igandeko erreferendumean jende gehiagoren babesa izatea eragingo du.
Oposizioaren kanpaina
Estatuko eta nazioarteko komunikabideek Chavezen irudia desitxuratzen eta ezkutatzen jarraitzen dute. Horren adibidea da hauteskunde kanpainan Venezuelako komunikabideak eskaintzen ari diren desoreka informatiboa. Jesse Chacon Venezuelako Komunikazio eta Informazio ministroak egun hauetan esan duenez, «komunikabide pribatuetan oposizioaren aldeko desoreka informatiboa eta publizitarioa %90ekoa» da. Iragarpenak Chavezen aldekoak badira ere, Gobernuak ez du ziur garaipena lortuko duenik, batez ere iruzurra egon litekeelako. Horregatik, Florentino Misioa jarri du martxan. Plan horretan milaka boluntariok parte hartu dute botoa oraindik ere erabakita ez zutenei eta bozkatzeko asmorik ez zutenei erreferendumean parte hartzera bultzatzeko. Iruzurra eragozteko boluntarioak hauteskunde mahaietan antolatuko dira azpijokorik egon ez dadin. Florentino Misioak kantu herrikoi bati egiten dio erreferentzia. Kantuaren arabera, deabruak nekazari xume bati bertsoak botatzera desafio egiten dio. Santa Inesen borroka deituriko bertsoan Florentino nekazaria garaile ateratzen da. Hain juxtu, Santa Inesen borroka deitu diote Chavezen eta oposizioaren arteko gatazkari eta bertsio ofizialaren arabera, oposizioa deabrua litzateke. Iruzurra egoteko aukera nagusiak argindarrean sabotajea egitea hauteskundeak automatizatuak dira edo bozkatzeko tresnen bitartez bozak aldatzea dira. Hau CANTV argindar enpresak egingo luke: orain dela lau urte pribatu bihurtu zuten eta Gustavo Roseen PDVSA petrolio enpresako presidente ohiaren konpainia da, hain zuzen ere. Roseenek bere langile eta bazkideei (Merkataritza Bankua, Caracasko Argindarra, GTE, AEBetako ordezkaritza eta Espainiako Telefonica) 2003ko lanuztea egiteko agindu zien.
Enpresa hauek guztiak 2002ko apirilaren 11n Venezuelan egin zen estatu kolpearekin ere zuzenean lotuta daude. Beraz, iruzurra egon ez dadin, Gobernuak jada jakinarazi du botoak emateko tresnetan esku hartuko duela eta bozak zenbatzeko plan alternatiboak diseinatu dituela.
Indarkeria da chavisten beldur nagusia. Izan ere, Carlos Andres Perez presidente ohi eta AD Ekintza Demokratikoko oposizioko alderdi nagusietako bat buruzagi historikoakMiamiko El Nacional egunkarian hauxe adierazi zuen: «Indarkeria da bide bakarra Hugo Chavez boteretik kentzeko». Gainera Chavezek «txakur baten moduan hil» behar duela nabarmendu zuen. Perezek Miamira alde egin behar izan zuen asilo politiko bila diru publikoak bidegabe erabiltzeagatik erruduntzat jo zutelako.Venezuelako Gobernuak hitz hauek ez ditu arinkeriaz hartzen, are gutxiago orain dela bi hilabete Armadak Kolonbiako 150 paramilitar Venezuelako lurretan atxilo hartu ondoren. Paramilitarren helburua presidentea hiltzea zen. Aukera hau aintzat hartu du baita ere Goi Hemisferikoen Washingtonen Latinoamerikako gaietan diharduen erakundea kontseilariak. Dokumentu batean hauxe azaltzen du: «Oposizioak, gero eta etsiago dagoenak, legez kanpoko baliabideak erabiliko ditu emaitzak zapuzteko». Azken egunotan egon diren Chavezen aldeko manifestazioetan presidenteak aipatu duen bezala, «2004ko abuztuan bi gizarte eredu» jarriko dira eztabaidan: «Bata, demokrazia liberala eta neoliberala, Venezuela AEBetako protektoratua izatea nahi duena, eta bestea, gizarte proiektu sakon batean sinesten duena, bere muga eta akats guztiekin, baina estatu independente bat sortzeko ahal duen guztia egingo duena».
VENEZUELAKO ERREFERENDUMA
Ezezkoa 'yes'-ari
gobernuaren eta oposizioaren lehia. Bolivartarrek AEBen sostengua duen oposizioari argi utzi nahi diote Chavez babesten dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu