Europako Parlamenturako hauteskundeek eskuin muturraren hazkundea utzi dute emaitza gisa hainbat herritan; Frantzian eta Erresuma Batuan, kasurako. Krisi ekonomikoak kalte gehien eragin duen herrialdeetan, ordea, bestelakoa izan da botoaren joera.
PIGS herrialdeetan —Portugal, Irlanda, Grezia eta Espainia—, ezkerreko alternatibak loratu dira, edo azken urteetan hartutako indarra berretsi dute. Hala erakutsi dute Alderdi Sozialistak Portugalen, Podemosek Espainian, Sinn Feinek Irlandan eta, batez ere, Syrizak Grezian.
Portugalen, lehen indarra izan da Alderdi Sozialista, eta atzean utzi du sozialdemokratek eta demokristauek eginiko koalizioa. Antzerako kasua gertatu da Grezian, han ere gobernuan zen koalizioaren gainetik igaro baita ezkerreko alternatiba. Irlandan, Europako bozetako emaitzen faltan, udal bozek erakutsi dute Sinn Feinek hartutako indarra —han ere gobernuko bi alderdien kaltetan—, eta Espainian, lehen hauteskundeetan bost europarlamentari eskuratu ditu Podemosek.
Erronka du ezkerrak hemendik aurrera. Krisi egoerek atomizatu egin ohi dituzte parlamentuak, eta hala gertatu da oraingoan ere. Hori hala, eskuin muturrari galga jartzea izango du lehen ardura.