El Salvadorren ia hogei urtez agintean egon ostean, Arena Aliantza Errepublikano Abertzalea eskuindarrak boterea galduko du ziurrenik Legebiltzarrean, ekonomia krisiaren eta indarkeria giroaren ondorioz. Izan ere, FLMN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontea ezkertiarra doa aurretik boto zenbaketan. Bake akordioen bidez 1992an legezkotu zen talde gerrillaria, eta FLMNk Mauricio Funes kazetaria izendatu zuen presidentetzarako hautagai -48 urte ditu eta ibilbide luzea egina du telebistan-.
Botoen %60,25 zenbatuta, FMLNk 574.992 boz ditu lortuta eta Arenak 513.180. Joerak horrela segituko balu, FMLNk Legebiltzarreko 37 eserleku erdietsiko lituzke -gair baino bost gehiago- eta Arenak 33 -bat gutxiago-. 84 diputatuk osatzen dute Legebiltzarra.
Arenako hautagaia Rodrigo Avila izan da. Polizia Nazionaleko zuzendari ere bada -Atila ezizena du, matxista ospea duelako eta pistola gerrikoan duela agertu izan delako hainbat operaziotan-.
Atzo egin zituzten bozak -6,7 milioi biztanle ditu El Salvadorrek eta 4,2k zuten botoa emateko eskubidea-, baita udal hauteskundeak ere. Batzorde Legegilea 84 diputatuk eta 262 udal gobernuk osatuko dute. Presidentetzarako hauteskundeak, berriz, martxoaren 15ean egingo dituzte.
Azken datuen arabera, udal bozetan Arena doa aurretik, eta San Salvadorko alkatetza lortuko luke. Hirian %56 zenbatuta, 48.077 boz lortu ditu Arenak, 45.356 FMLNk. Hau izan da azkeneko hamabi urtean boterean San Salvadorren. Norman Quijano da eskuindar hautagaia.
Arenak 150 bat udaletan gobernatuko du, FMLNk 85 ingurutan.
MunDUA
Ezkerra doa aurretik El Salvadorko Legebiltzarreko hauteskundeetan
Botoen %60 zenbatuta, FLMNk lau diputatuko aldea kentzen dio Arena eskuindarrari. Hau izan da azkeneko hogei urtean agintean. Udal bozetan eskubia doa aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu