Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetako lehen itzulian kanpoko 11 barrutietatik zazpitan ezkerreko hautagaiak izan dira nagusi, eta besteetan UMP eskuinekoak, Frantziako Atzerri Ministerioak gaur emandako datuen arabera. Guztietan abstentzioa %75etik gorakoa izan da.
Aldiz, maiatzean, presidentetzarako hauteskundeetako bigarren itzulian Nicolas Sarzkoy UMPko hautagaiak 11 barruti haietako zortzitan irabazi zuen; François Hollande PSkoak, berriz, hirutan.
Orain, AEB eta Kanada hartzen dituen barrutian, esaterako, PS eta EELV ekologisten koalizioa izan da irabazle, botoen %39 lortuta. UMPk %22ko babesa jaso du. Bien artean jokatuko dute aulkia bigarren bueltan.
Ameriketako beste herrialdeek osatutako barrutian ere PS-EELV gailendu da, %35eko babesarekin; UMPk %22koa eskuratu du. Iberiar penintsulan UMP izan da garaile, %31rekin; PSk %30eko atxikimendua erdietsi du.
Lehen aldia da kanpoko 11 barrutietan diputatuak aukeratuko dituztena; bakoitzean bana. Orain arte leku haietako boto-emaileek —milioi bat pasatxo lagun dira— Frantzian izandako azken etxeko herrian eman zezaketen botoa. Haientzat bigarren itzulia hilaren 16an eta 17an izango da.
Frantzian eta Ipar Euskal Herrian datorren igandean izango da parlamenturako bozetako lehen itzulia, eta 17an bigarrena. 577 aulki daude jokoan.