Union Patriotica eta Marcha Patriotica alderdiek Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteari adierazi diote babesa presidentetzarako bozen bigarren itzulirako. Polo Patrioticok, berriz, ez du zehaztu zein hautagai babestuko duen. Neoliberala da Santos, eta historikotzat jo dute ezkerreko alderdiek hura babestu izana, legealdian zehar oposizio handia azaldu baitio.
UPk eta Marcha Patrioticak azaldu dute gobernuaren eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen bake prozesua babesteko egingo dutela Santosen alde. Horrela mintzatu da Aida Avella UPko burua: "Uste dugu momentu honetan onena dela elkarrizketak hasi eta konponbide politiko eta negoziatu baten bidetik doan hautagaia babestea". 2012ko azaroaz geroztik ari dira negoziatzen FARC eta gobernua, eta bost puntuetatik hiru adostuta dituzte bi aldeek.
Santosek Oscar Ivan Zuluaga Zentro Demokratikoko hautagaiarekin lehiatu beharko du bigarren itzulian. Zuluaga izan zen hautagai bozkatuena lehen itzulian —botoen %29,25 jaso zituen— eta hitzeman du bera presidente izanez gero bertan behera utziko dituela bake elkarrizketak. Avellak Zuluagarekiko duen jarrera azaldu du: "Gure betebeharra da gerra herrialde honetara itzultzea".
Piedad Cordoba Marcha Patrioticako senatari ohia ere Santosen alde agertu da: "Herrialde berri bat eraikitzeko baldintzak sortuko ditu bakeak".
Alderdi Kontserbadoreak botoak banatu egingo ditu
Kolonbiako presidentetza hauteskundeetan Alderdi Kontserbadorea ez da ados jarri bigarren itzulian zer hautagai babestu erabakitzeko orduan. Maria Lucia Ramirezek, lehen itzulian hirugarren geratu zen hautagaiak, Zuluaga babestu du, beste 37 diputaturekin batera. Alderdiko 48 diputatuk, ordea, Santos babestea erabaki dute. Ekainaren 15ean jokatuko da Kolonbiako presidentetza bozen bigarren itzulia.