Eztanden egunerokotasuna

Iraken eta Kurdistanen gutxienez 55 lagun hil dituzte, hainbat erasotan; gobernuak Al-Qaedari leporatu dio gertatutakoaLau orduan izan dira eztanda guztiak; koordinaturik, Barne Ministerioaren ustez

Langileak, leherketaren ondoko beira puskak jasotzen, atzo, Karrada auzoan, Bagdaden. KARLOS ZURUTUZA.
Bagdad
2012ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Zarata. Eroa da beti zirkulazioa Bagdadeko Paradisuaren Plazan. Erdian burdina bihurritu bat dago, zutoin baten gainean. Huraxe da Saddam Husseinen estatua ospetsu haren egungo arrasto bakarra. Udaberrian bederatzi urte beteko dira amerikarrek inbaditu zutenetik, eta okupatzaileek duela bi hilabete alde egin zuten herrialdetik, baina atzo bertan 55 lagun baino gehiago hil dira Iraken eta Kurdistanen erasoetan, eta gutxienez 200 zauritu. Bagdaden hamareztandetako bat Paradisutik 500 metrora izan da, Karrada auzo xiitan.

Kaleko postuak, ile-apaindegiak, jatetxeak, dirua trukatzeko dendak... Denetarik dago Karrada Inn-en. Ziurrenik huraxe da Bagdadeko saltoki kalerik arrakastatsuena eta jendetsuena. Leherketak zer diren ere badakite han. Goizeko bederatziak dira, eta bonba batek zortzi lagun hil ditu. Auzoko izozki denda onenetik gertuegi daude. Duela bi hilabete izan zen leherketa bat auzo berean, gobernuaren eraikin baten kontra.

Eztanda gunera iristerako baztertuta daukate bonba-autoa —taxi bat—. Odol arrastorik ere ez dago, Bagdadeko garbiketaz arduratzen den turkiar konpainiako langileak —bangladeshtarrak gehienak— lan bikaina eginda baitaude.

«Zeini leporatu hau? Al-Qaedari, jakina!», dio Kemal Abu Hussein fruta saltzaileak. «Al-Hashemi ministrordea Kurdistanen babestu zenetik, tankera honetako eraso ugari jasan izan ditugu eta. Gainera, gaur onartu behar zituzten aurrekontuak Parlamentuan; egun esanguratsua hautatu dute terroristek».

Askoren aburuz, Nuri Al-Maliki lehen ministroak iragan abenduan bere ondokoa atxilotzeko agindu izanak egoera okertu besterik ez du egin, herrialdeko erlijio adarren arteko zatiketa gordindu egin baita. Al-Hashemi sunita da. Al-Malikiren Aliantza Nazionala koalizioa, berriz, xiita da.

Denak, ordea, ez datoz bat Karrada Innen gertatutakoarekin: «Al-Qaeda izan zitekeen, baina baita gobernua bera ere. Honelako leherketek bide ematen dute beti jarraian nahi duten oro atxilotzeko», dio Raxidek, bere manikien trajeei hautsa astintzen dien bitartean.

Gobernuak berehala leporatu dio gertatutakoa Al-Qaedari. Barne Ministerioak komunikatu batean iritzi hauxe plazaratu du: «Saiatzen ari dira Iraken segurtasuna ez dela egonkorra erakusten». Lau orduan, «koordinaturik» izan dira, haren ustez.

Arrastorik ez

Egunerokora itzultzeko, dena den, gaitasun berezia hartua dute irakiarrek. Goizeko hamaiketan, oraindik espaloietan dauden kristal hautsien pusketa eta bestelako arrastoengatik ez bada, nekez pentsa daiteke zortzi lagun zendu direla hortxe apenas bi ordu lehenago eraso suizida batean.

Egunero bezala, auzoko te etxe gehienak gainezka daude. Artista eta idazleen biltokia ei da haietako bat. Bertan, intelektualak kalean paratutako mahai eta aulki xume haietan elkartzen dira. Ala Kahtan gaztea arte irakaslea da, Bagdadeko Unibertsitatean, eta, atzoko atentatuaz ez ezik, beste hamaika kezkaz hitz egiten ari da, lagunartean: «Duela hilabete batzuk Hezkuntza Ministerioak nire ikasleek egindako eskulturak suntsitu zituen, islamaren etsaiak zirela argudiatuz. Bestalde, gero eta zailagoa da dantza edo antzerki emanaldi bat egitea», dio gazteak, te zurruten artean.

«Entzun al duzu ezarri nahi duten lege berriarena? Lantokietan emakumeen janzteko era ikuskatzeko legearena?», gaineratu du bere alboko dantza irakasleak, Abbasek. «Kolore argirik ez, ezta arropa esturik ere!».

«Batasuna eta bakea ditugu helburu», diote kalean jarritako hamaika kartelek. Horrela ospatu du inbaditzaileak herrialdetik irten izana Muqtada al-Sadr-ek. Erabateko buruzagia da Al-Sadr: Mehdi milizia xiitakoa; erlijiotsua, politikaria… Eraikinen teilatuetan dauden banderek Hussein imanaren martirioa gogorarazten dute oraindik, ordutik mila urte baino gehiago igaro arren.

Karrada Inneko arrain jatetxeak bandera beltz bat dauka zintzilik sarreran, xiiten ohiko ikurra. Tigris ibaiko karpa erretzen dute han. Egunero legez, otorduak iraun bitartean itzalpean gelditu dira bezeroak, bizpahiru aldiz. Ugariak, etengabeak dira argi etenaldiak Bagdaden.

«Ia bederatzi urte igaro dira inbasioa hasi zenetik, eta horrela gaude oraindik!», dio Ali Abdalak. «Oinarrizko azpiegitura ororen eskasia dugu; ura, argindarra… ikusi besterik ez dago nola dauden gure kaleak».

Udaberri arabiarra

Gaur, hain justu, Irakiarren Haserre Egunaren urteurrena beteko da. Udaberri arabiarreko Iraken saioa ezerezean gelditu zen, baina oraindik ostiralero egiten dituzte manifestazioak Bagdadeko Tahrir plazan. «Isileko poliziaz jositako bilkurak dira haiek. Hainbatetan, agenteak besterik ez zeudela pentsatu dut», dio uste osoz Hamid al-Saadi gazteak.

Al Saadi kazetaria da, eta kezka handia du gobernuak bultzatu nahi duen «Internet eta bestelako komunikazio krimenen kontrako legea» dela eta. «Irakiarrok haserre gaude. Horregatik, Tunisian, Egipton edota Libian sare sozialek izan duten eragina saihestu nahi dute», salatu du. «Jendea beldurrak jota dago. Makina bat protestari atxilotu eta torturatu dute azken urtean. Saddam Husseinen jarraitzaileak edo Al-Qaedako kideak izatea leporatzen diete askotan», kontatu du gazteak, gainezka doan minibus batean sartu aurretik.

Urteko sasoi honetan, arratsaldeko seietarako erabat gordetzen da eguzkia Karradan, burdinazko pertsianen garrasien artean. Bagdadeko jende gehiena etxean bueltan da ordurako, kalean diesel bidezko ibilgailuen zalaparta besterik entzuten ez dutela. Askok eta askok zarata monotonoak lagunduta lo egingo dute. Esna dagoenari, berriz, normaltasuna eta bakea zein urruti dauden gogoraraziko dio gaueko harrabotsak, etengabe.

Bagdaden gertatutako hamar leherketen artean bat besterik ez da izan Karradakoa. Kadhimiya, Sarafiya, Al-Mansur, Dorat Abp Sheer, Saidiya, Al-Maed eta Taji auzuneetan dozenaka hildako izan dira, besteak beste, eta Bagdadetik kanpo, Mosulen eta Salahuddin probintzian. Irakeko Kurdistanen, berriz, hiriburuan, Kirkuken. Atzean nor den ziurtatzen ez duten arren, modua errepikatzen ari da azkenaldian; gero eta maizago. Atzo, denak lau orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.