IRAKEKO OKUPAZIOA

Falujan «etsaien» aurka iaz fosforo zuria erabili izana aitortu dute AEBek

Londresek ere onartu du soldadu britainiarrek gai kimikoa baliatu izan dutela

2005eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
«Fosforoak gorputzak erretzen ditu; zehazki, haragia desegiten du, hezurretaraino iritsi arte... Emakume eta umeen gorpu erreak ikusi nituen. Fosforoak eztanda egin eta hodei bat osatzen du; hala, 150 metroko radioan dagoenarenak egiten du». Italiako RAI telebistak berriki kaleratutako dokumental batean AEBetako marine izandako batek esandakoa da, eta iaz Faluja hiriaren kontrako erasoan AEBetako Armadak fosforo zuria eta napalmaren bertsio bat erabili zituela baieztatu zuen. RAIren Ezkutuko Sarraskia izeneko dokumentalak hautsak harrotu zituen joan den astean, eta orain Washingtonek aitortu du arma gisa erabili zuela, baina «borrokalari etsaien kontra». Irakeko Gobernuak,zeina Etxe Zuriaren aliatu den, ikerketa talde bat bidali du Falujara.

Informazio eta akusazio gehiago azaleratu ahala ari da Washington fosforoa baliatu zuela onartzen, urte hasieran aitortu baitzuen «etsaien posizioak argitu» eta «etsaiak ezkutalekuetatik aterarazteko» erabili zutela soldaduek arma kimikoa. AEBek iaz Falujaren aurka eginiko erasoaldian 1.000 pertsona baino gehiago hil eta 300.000 biztanleetako gehienak ihesi joatera behartu zituzten. Gainera, etxebizitza eta eraikin ugari suntsitu zituzten. Fosforo zuria zibilen kontra erabiltzea debekatzen du nazioarteko itun batek, baina AEBek ez dute sinatu. Aitzitik, atzo Pentagonoko eledun Barry Venable teniente koronelak ukatu egin zuen fosforo zuria galarazitako arma kimikoa dela. «Falujan erabili genuen, baina ez zen arma kimikoa, arma konbentzionala baizik. Arma sukoi gisa baliatu genuen, borrokalari etsaien aurka», nabarmendu zuen. «[Fosforoak eragindako] suaren eta kearen efektu konbinatuak eta zenbait kasutan leherketak eragindako izuak etsaiak zuloetatik aterarazten ditu, eta, hala, lehergailu indartsuekin hil ditzakezu», azaldu zuen. Fosforo zuria oso sukoia da eta oxigenoarekin bat egitean pizten da. Gaiak norbaiten gorputza ukituz gero, oxigenoa bukatu arte erreko da fosforoa. Era berean, Londresko gobernuak atzo jakinarazi zuen soldadu britainiarrek ere fosforo zuria erabili izan dutela, «baina, batez ere, argitzeko eta kea sortzeko». «Ez dugu erabiltzen fosforo zuririk zibilen kontra, ezta bestelako munizio edo armarik ere», adierazi zuen Defentsa Ministerioak. Haatik, Defentsa ministro ohi Doug Hendersonek esan zuen Gobernuak «alternatiba bat» bilatu beharko lukeela. Alan Simpsonek, Iraken gerra abiatzearen kontrako azaldutako diputatu laboristak, salatu zuen auzi honetan hipokrisia dagoela, Tony Blair lehen ministroak Irakera soldaduak bidaltzeko azaldutako argudioetako bat Bagdadek suntsipen handiko armak zituela izan baitzen.

Londresen egoitza duen IIOP Bakearen Nazioarteko Institutuko kide Jamin Zakariaren salaketa hau jaso zuen herenegun Global Research webguneak: «Non dago [Mendebaldearen] haserrea? Suntsipen handiko armen inguruan irakaspenak ematen dabilen herrialdeak berak erabili zituen horiek Iraken, eta lehenago Japonian eta Vietnamen. Falujari arma kimikoekin eraso zioten eta 1.000 zibil inguru hil zituzten. Argi dago AEBek gerra krimenak egin zituztela. Beste iturri sinesgarri batzuek iradoki zuten Bagdaden ere napalma erabili zutela AEBek, gerra hasieran».

Irakeko Giza Eskubideetarako ministro Narmin Uthmanek atzo jakinarazi zuen talde bat bidali zuela Falujara, AEBek fosforo zuria nola erabili zuten eta zibilentzako zer ondoriorekin erabili zuten aztertzera.

Hilketak eta erasoak

Irakeko presidente ohi Saddam Husseinen laguntzaileen bi abokaturen hilketa ikertzeko eskatu zion atzo egungo gobernuari NBEko ordezkari Philip Astonek. «Dudan informazioak ez du erakusten Irakeko Ministerioa hilketa horien atzetik dagoela, baina hori baztertzeko motiborik ere ez du ematen».

Bestalde, erresistentzia irakiarrak okupazio indarren eta haien kolaboratzaileen aurkako erasoak egin zituen atzo ere. Obeidi hirian AEBetako gutxienez bost soldadu eta 16 ekintzaile hil ziren borroketan; 11 soldadu zauritu ziren. Herenegun, Bagdadetik ipar-mendebaldera, errepide batean leherrarazitako bonba batek AEBetako hiru soldadu hil zituen. Al Karma hirian, berriz, beste soldadu bat hil zuten. Gainera, Mosulen (Kurdistan) lau polizia irakiar hil zituzten tiroz. Bestetik, Londresko The Guardian egunkariak jakinarazi zuenez, Blairren gobernua heldu den maiatzean Iraketik tropak erretiratzen hasteko plana prestatzen ari da. Iraken abenduaren 15eko bozetan gertatzen denak planean eragingo duela zioen.

TORTURAK

Nazioarteko ikerketa eskatu dute sunitek





Irakeko Alderdi Islamikoak (IIP, sunita) nazioarteko ikerketa bat exijitu zuen atzo, Irakeko Poliziak preso irakiarren kontra ustez eginiko torturak aztertzeko. Tarek al Hashemi IIPko buruak Barne Ministerioari «suniten aurkako krimenetan zuzenki esku hartu izana» egotzi zion. Gainera, Madrilen egoitza duen CEOSI Iraken Okupazioaren Aurkako Kanpainak esan zuen Bagdadeko iturriek baieztatu zutela Irakeko Barne ministroak bulego bat zuela eta maiz izaten zela tortura gunetzat salatutako lekuan. Irakeko presidente Jauar al Jaafarik Barne Ministerioaren gune hartan 173 atxilotu torturatu zituztela aitortu zuen herenegun. Auzia ikertuko zuela agindu zuen Gobernuak. NBEko idazkari nagusi Kofi Annan kezkatuta agertu eta Bagdadek ikerketa abiatzea erabakitzea txalotu zuen. Europako Batasunak, berriz, atzo esan zuen torturen gaineko «zeinahi ikerketa» lagunduko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.