Kolonbiako bake akordioaren sinadura ekitaldian egongo da Sortu, "bere babesa adierazi eta akordioaren balioa goresteko". Urko Aiartza eta Rufi Etxeberria Sorturen izenean izan dira FARC-EPren X. Konferentzia Nazionalean, eta bake prozesua bultzatzen jarraitzeko konpromisoa adierazi dute bake hitzarmenaren inplementaziotik aurrera ere. FARC-EPk mugimendu politiko bilakatzeko harturiko erabakia babestu du ezker abertzaleko alderdiak.
Hala ere, Sortuk "kezka handia" azaldu du ELN eta Kolonbiako Gobernuaren arteko elkarrizketak duen blokeoa dela eta: "Bi aldeei desblokeorako eginahalak indartzeko deia egiten diegu, alde guztien arteko bake iraunkor osoa erdiets dadin".
Etxeberria eta Aiartza, besteak beste, Rodrigo Londoño Echeverri Timochenko FARC-EPko komandante buruarekin eta Luciano Marin Arango Ivan Marquez FARC-EPko zuzendaritza nagusiko kide eta bake ordezkaritzako buruarekin bildu dira.