FARC erakunde terroristatzat jotzeko eskatu dio Uribek AEEri

Erredakzioa
2008ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
AEE Amerikako Estatuen Erakundearen 38.bilkuran, Alvaro Uribe Kolonbiako presidenteak FARC erakunde terrorista izendatzeko eskatu die 34 herrialdeei. Argudiatu duenez, gerrillariak, eta tartean FARCekoak aipatu ditu, «terroristak dira», droga trafikoarekin ateratzen dutelako dirua, eta nazioarteko giza legedia betetzen ez dutelako. Haren hitzetan, droga trafikoan aritzen direla da gerrillariekin negoziatzeko oztopoa. «Kolonbian ez daude diktadura baten aurkako talde bortitzak, demokrazia bortxatzen dutenak baizik». Kolonbiak Venezuelarekin eta Ekuadorrekin duen gatazkak baldintzatuta hasi zen atzo Medellinen (Kolonbia) AEEren bilkura.

Ekuadorrek Kolonbiarekin harremanak hautsi zituen, baimenik gabe bere lurretan barneratu eta FARCen kanpalekua bonbardatu zuelako. Erasoan 26 pertsona hil zituzten, horien artean Raul Reyes talde armatuko bigarren buruzagia. Reyesi atzemandako ordenagailuek hautsak harrotu dituzte, eta gatazkaren sugarra areago bizitu. Kolonbiak dio ordenagailu horietan frogak daudela Ekuadorrek eta Venezuelak FARC diruz laguntzen zutela. Maria Isabel Salvador Ekuadorko kantzilerrak AEEri eskatuko dio ordenagailuen edukia aztertzeko. Kolonbiak Ekuadorren aurka kanpaina mediatikoa egin duela salatu du Salvadorrek.



GATAZKA BIDERATZEKO EGOKIERA. Medellingo bilkura baliatuta, Kolonbiako Atzerri ministroa, Fernando Araujo, eta Venezuelakoa, Nicolas Maduro, batzartu egin dira. Bi gobernuen harremanak pizteko asmoz hasi dituzte elkarrizketak. Maduroren hitzetan, bien ikuspegi ezberdinak azaleratu dira horrela: «Araujori eskatu diot ez uzteko gure harremanak pozoitzea nahi dutenek gure agenda bidera dezaten». Bestalde, Uribek eskertu egin du Ekuadorko kantzilerra Medellinera joan izana Kolonbiarekiko harremanak hautsi arren.

Jose Miguel Insulza AEEko idazkari nagusiaren ustez, Kolonbiak Ekuadorri barkamena eskatu zionez, eta berriz ez egitea hitzeman, auziak konponduta beharko luke. AEEk 60. urte beteko ditu Gaztedia eta balio demokratikoak lelopean. Bilkuran elikagai krisiari aurre egiteko pausoak ematea espero du Insulzak. Ekoizpena handitzea eta nekazaritza produktuen merkatu askea zabaltzea ei da bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.