Kolonbiako bake negoziazioetan lurra izan dute orain arte eztabaidagai, mahai gainean dauzkaten sei puntutatik lehena eta garrantzitsuenetakoa. "Une erabakigarrian daude negoziazioak", elkarrizketetan gobernuaren bozeramaile den Humberto de la Callek esan duenez. Lurra berreskuratzeko tresnen diseinua egin dute, eta zolua hobeto erabiltzeko pizgarriak sortzeko akordioa ere bai. Horrez gainera, lurrik ez edo gutxiegi dutenen aldeko akordioa ere egin dutela jakinarazi du. Zehaztu gabe "legez kanpoko eskuak" zein diren, haien eskuetan dauden lurrak berreskuratuko dituztela esan du.
Lurraren gaineko akordioei esker, prozesuan aurrera egiteko aukera egongo dela uste du De la Callek. Lehen aldia da akordioei buruz hitz egiten duela gobernuak, iazko azaroaren 19an Habanako elkarrizketak hasi zituztenetik.
Bake prozesuan une larriak egon dira, batez ere gerrillaren eta segurtasun indarren ekintzak direla medio. FARCek alde bakarreko su-etena eman zuen urtarrila amaiera arte. Gobernuak, aldiz, hasieratik defendatu du negoziazioetan egonda ere, ez duela gerrillaren kontrako jarrera leunduko. Gaur ere gauza bera nabarmendu du De la Callek: "Gobernuak eta indar militarrek kolonbiarrak defendatzen jarraituko dute. Badakigu hau gogorra dela, baina operazioa mantentzea estatuaren indar erakustaldia egitea da, ez ahulezia azaleraztea".
Mende erdia irauten duen gatazka amaitzeko akordioak egiten jarraitzea eta horiek aplikatzea espero du De la Callek, eta ez adierazpenetan geratzea soilik.