FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak Gurutze Gorriaren esku utzi du soldadua. "Carlos Becerra Ojeda soldadua askatu dute FARCen Jacobo Arenas zutabeko gerrillariek. Jambalo herriko landa eremu batean gertatu da", jakinarazi du gerrillak.
Abenduaren 19an bahitu zuten Becerra, Santander de Quilichaon gertatutako borroka batean. Bost militar hil eta bost zauritu zituzten. Hurrengo egunean sartu zen indarrean FARCek iragarritako su-etena.
Gerrillak "gerra presotzat" jotzen ditu atxikitzen dituen militar eta poliziak, eta azaldu du hala aitortzeak erraztu egin duela Becerra Ojeda askatzea: "Berriro diogu gerra preso izaeraren aitortzak mesede egiten diola atxikita dagoenari, eskubide eta babesdun subjektu bihurtzen baita, hura atxikitzen duen indarra eskubide horiek bermatzera behartuz".
Ostegunean iragarri zuen FARCek aurki askatuko zuela Becerra, "beste bake keinu bat" gisa.