FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarraren esku zeuden azken hamar polizia eta militarrak bart gauerdian heldu dira Bogotara. Villavicencioko aireportura heldu ondoren, ospitalera eraman dituzte, mediku frogak egitera.
00:05ak aldera lur hartu dute aireportuan, eta hamar lagunek zain zituzten haien senide eta lagunak. Hala ere, Kolonbiako Gobernuak ez die utzi pistan ongietorria ematen, eta egokitutako gela berezi batean itxaron dituzte.
Operazioak bost ordu baino gehiago iraun du, eta Nazioarteko Gurutze Gorriko bi kide, eta CCPko beste bi kide joan dira helikopteroan bahituen bila.
Aske utzi dituzten lagunak dira Luis Alfonso Beltran Franco, Luis Arturo Arcia, Robinson Salcedo Guarin eta Luis Alfredo Moreno Chagüeza militarrak, eta Carlos Jose Duarte, Cesar Augusto Lasso Monsalve, Jorge Trujillo Solarte, Jorge Humberto Romero, Jose Libardo Forero eta Wilson Rojas Medina poliziak.
Horietako batek, Jose Libardo Forerok, osasunez "ondo" dagoela esan du aireportura heltzean, eta azaldu du iazko azaroaren 11n jakinarazi ziotela aske utziko zutela. 1999. urtetik zegoen bahituta Forero.
FARCen azken bahituek 12 eta 14 urte artean eman dituzte bahituta.
Nazio Batuen Erakundearen giza eskubideen goi mandatariak gogorarazi du FARCen betebeharra dela "atxilotutako guztiak baldintzarik gabe eta berehala" aske uztea.