Kolonbiako armadak, Poliziarekin elkarlanean, Guillermo Saenz Alfonso Cano FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarretako burua hil du, hego-mendebaldeko Cauca departamentuan. 2008an Pedro Antonio Martin Manuel Marulanda buruzagi historikoa hil zenean Alfonso Canok hartu zuen haren lekua; borrokan hildako lehenbiziko FARCeko burua da. Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak erran du ezkerreko gerrillak «bere historian jasan duen kolperik gogorrena» izan dela Alfonso Canoren hilketa. Desmobilizatu ezean, gerrillariek bi aukera dituztela erran du Santosek: «Hainbertze aldiz erran dugun bezala, eta, egiaztatu dugunez, espetxean edo hilobian bukatuko dute».
Gobernuak Kolonbiako hedabideei jakinarazitakoaren arabera, armadak duela hilabete bat jakin zuen Alfonso Cano Cauca departamentuan zegoela. Hura harrapatzeko azken erasoaldiak zazpi ordu inguru iraun zuen, herenegun. Kontakizunaren arabera, hasiera batean Alfonso Canok eta haren hurbileneko laguntzaileek ihes egitea lortu zuten, baina inguratu ondoren militarrek hil egin zituzten. Kolonbiako Gobernuak atzo berretsi zuen hilketa, eta buruzagiaren hilotzaren argazkiak argitaratu zituen.
Gerrillaren «ideologoa»
Alfonso Cano 1948an jaio zen, Bogotan. Antropologoa zen. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan mugimendu komunistako kide izan zen, eta, horren ondorioz, 1981ean espetxeratu zuten. 1983ko amnistiarekin aske utzi zuten, eta orduan sartu zen FARCen. Urte luzez Ekialdeko Blokea deituriko eremuaren arduradun militarra izan zen. Haren profila, ordea, militarra baino gehiago, politikoa zen. Gerrillaren «ideologoa» zela dio gobernuak. Cesar Gaviriaren presidentetzan (1990-1994) FARCen negoziatzaile burua izan zen.
Alfonso Cano hilda, FARC krisialdi larrian murgilduko dela uste du gobernuak, haren tokia hartzeko hautagai azkarrik ez dagoelakoan. Horrek barne borrokak sortuko dituela uste du Bogotak. Bi hautagai nagusiren izenak zabaldu dira: Rodrigo Londoño Timochenko, eta Luciano Marin Ivan Marquez. Timochenko medikua da, eta, agintarien arabera, gerrillako estratega militarra da —hark jakinarazi zuen bideo bidez Manuel Marulandaren heriotza—. Ivan Marquez, berriz, Alfonso Canoren hurbilekotzat dute agintariek.
FARCek oraindik duen gaitasun militarra agerikoa da. Soilik urriko azken astean 23 soldadu hil zituzten hainbat segadatan. Nuevo Arco Iris gobernuz kanpoko erakundearen arabera, gerrillaren ekintzek iazko kopurutik %10 egin dute goiti.
FARCeko burua hil du Kolonbiako armadak
Gerrillariek bi aukera dituztela erran du Juan Manuel Santos presidenteak: «espetxea edo hilobia»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu