Kolonbiako FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrek bahitutako azken hamar lagunak askatzeko operazioa hasiko dute gaur. Operazioan lagunduko duten Brasilgo helikopteroak atzo heldu ziren Kolonbiara, Villavicenciora, hain zuzen. Helikopteroetan iritsi ziren, besteak beste, CICR Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeko bi kide, Bakearen Aldeko Taldeko ordezkariak eta Piedad Cordoba senatari ohia.
Aitziber Blanco Goikoetxea Lokarriko kidea eta Maite Aristegi Amaiurreko diputatua ere Kolonbiako Bakearen Aldeko Emakumeen Taldeko kide gisa daude bertan.
Helikopteroak oihanerantz irtengo dira gaur, bahitutakoak jasotzeko —Euskal Herrian 15:00ak direnean—, eta operazioa asteazkenera arte luza daiteke. Kolonbiako Gobernuak agindu du gune horretako polizia operazioak bertan behera utz ditzaten.
Cordoba senatari ohiak jakinarazi du dena askapenerako "prest" dagoela, eta berretsi du FARCek bahitutakoak askatzeko hartutako konpromisoa.
Operazioa amaitu ondoren, gatazkari irtenbidea bilatzen jarraituko dutela gaineratu du Cordobak.
FARCek azken bahituak askatzea eta aurrerantzean bahiketarik ez egitea erabaki zuen. Bahitutakoak lau militar eta sei polizia dira, eta 12 eta 14 urte artean daramatzate FARCen esku.