Auzia berriro plazaratu eta bederatzi egunera, FBI Ameriketako Estatu Batuetako Ikerketa Bulego Federalak itxitzat jo du Hillary Rodham Clintonen mezuei buruzko ikerketa. Hauteskundeetarako bi egun baino falta ez direla, James Comey FBIko zuzendariak azaldu du, egunotan 650.000 mezu berrikusi ondoren, ez dituztela Clintoni buruzko ikerketaren ondorioak aldatuko.
Uztailean, hiru orduko galdeketa izan zuen Clintonek dokumentuei buruz, FBIren egoitza nagusian, eta, egun batzuetara, Justizia Departamentuak kasua ixtea erabaki zuen FBIren aholkuei jarraituz. Informazio berria zuela eta, auzia berriro zabaltzea erabaki zuen FBIk urri amaieran, baina itxi egin du orain.
Auzia berriro eztabaidagai izan den egunetan, Donald Trump hautagai errepublikanoak aurre hartu dio Clintoni inkestetan. Hori horrela, Trump kexu azaldu da FBIk ikerketa itxitzat jo duelako; haren ustez, "ezinezkoa da zortzi egunean 650.000 mezu berrikustea". Ikerketa berriz zabaldu zuenean, FBIren jarduna txalotu zuen Trumpek, baina itxitzat jo ostean, esan du "iruzur" egiten ari direla.
Ez da mezua aldatu duen bakarra; auzia berriro zabaltzean, Clintonek esan zuen FBIko zuzendariak "interes berezia" zuela susmoak zabaltzeko. Orain, Jennifer Palmieri Clintonen komunikazio zuzendariak azaldu du "oso pozik" daudela "auzia argitu delako".
AEBek debekatu egiten dute sekretupeko informazioa ezarriak dauden bideetatik kanpo bidaltzea. FBIk ikertu du Clinton Estatu idazkari zela (2009-2013) sekretupeko informazioa bidegabeki bidali zuenetz zerbitzari pribatu batetik.