Demokraziaren Defentsarako Kontseilu Nazionalak (FDD) irabazi ditu Burundin astelehenean egin ziren Legebiltzarrerako hauteskundeak. FDD Armadaren aurka borrokatutako talde matxino hutu ohia da. Astelehenean lortutako emaitza probisionalek eta joan den hilabetean egin zituzten udal bozetako emaitzek boterera eraman dituzte matxino ohiak, bozen %58rekin.
Pierre Nkurunzizak gidatutako alderdi hau aurreko urtarrilean erregistratu zen alderdi politiko moduan, 2003an armak utzi eta agintaritzan eta Armadan barneratzeko Gobernuarekin egin zuen akordio baten ondorioz. Orain arte Burundiko lehendakari izan den Domitien Ndayizeyeren alderdiak, Burundiko Fronte Demokratikoak (FRODEBU) bozen %22 lortu zituen. Alderdi tutsi garrantzitsuenak, Aurrerapen Nazionalerako Batasunak (UPRONA), bozen %7,18 lortu zituen. Hauteskunde Batzordeko lehendakariorde Leonard Nduwayok adierazi duenez, datuak behin-behinekoak izango dira datorren astean AuzitegiKonstituzionalak baieztatzen dituen arte. Honela, Batzar Nazionala 100 diputatuk osatuko dute eta botoen %2 gainditu dituzten alderdiek ordezkaritza izango dute ganberan. Modu honetan, hauteskundeetan bozen %5 lortu dituzten taldeek Gobernuan parte hartzeko aukera izango dute. Konstituzioak boterearen monopolizazioa saihesteko bidean hartu duen neurritako bat da hau. FDDk 59 eserleku lortuko ditu Batzar Nazionalean. FRODEBUk 24 eserleku izango ditu, UPRONAk 10, eta gainontzeko alderdiek 7 eserleku osatuko dituzte. «Lehenik eta behin, berradiskidetasun nazionala indartu behar dugu, burundiarrek estatu nazio gisa pentsa dezaten, eta ez estatuko talde etniko gisa», adierazi zuen Karenga Ramadhanik, FDDko bozeramaileak. Alderdi garaileak gainontzeko hutu alderdiek baino ordezkari tutsi gehiago ditu, eta horrek, bi komunitateen artean tentsioak behera egiteko balio dezake.Hutuek ekainaren 3an egin ziren herri bozetan ere gehiengo absolutua lortu zuten, eta garaipen berri honek, Parlamentuko bi ganberetan gehiengoa eman die. Estatuko agintari berria Kongresuaren eta Senatuen hiru herenen gehiengoarekin aukeratuko dute.
Bake bila
Aurrera begira prestatuta dagoen hauteskunde egutegiaren funtsa da bake prozesua. Helburu nagusitzat dute lasaitasun horiziurtatuko duten erakundeak osatzea, populazioaren %84 osatzen duten hutuen gehiengoaren agerpen orekatuago bat segurtatzeko. Burundiarrek sufragio unibertsalez bozkatu zuten azken aldia 1993an izan zen, lehendakaria aukeratzeko. Boz haietan garaile atera zen Ndadaye hutua gerrilla tutsiak hil ondoren, matxino hutu eta armada tutsia aurrez aurre jarriko zituen gerra zibila hasi zen. 200.000 pertsona baino gehiago hil ziren, gehienak zibilak. Tutsiak beti populazioaren gutxiengoa izan badira ere, beti izan dituzte botereaeta Armada euren eskuetan.
BURUNDI
FDD alderdi hutuak irabazi ditu Legebiltzarrerako bozak
Hutu eta tutsien arteko bake prozesua izango dute helburu nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu