«FDLRk gaitzetsi egiten du Ruandan gertatutako genozidioa eta horren egileak salatzen ditu; etnien arteko gorrotoa hazten duten ideologiak arbuiatzeko konpromisoa hartzen du, eta nazioarteko justiziarekin lan egiteko asmoa berresten» aldarrikatu zuen atzo FDLR gerrilla hutuko buruzagi goren Ignace Murwanashyakak.1994az geroztik Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdera ihes eginak dauden eta Kigaliko agintearen aurka borroka armatua daramaten hutu gerrilla taldeetako jendetsuena da FDLR, bere 14.000 gerrillarirekin. Alabaina, Erroman kokatuta dagoen eta nazioarteko gatazka andana konpontzearren bitartekaritza lan bat daraman San Egidioren elkargo kristauaren ekimenez, FDLRko eta Kinshasako gobernuko ordezkariak Italian bilduta zeuden azken egunotan Aintzira Handietako gaztazkari amaiera emateaz hitzegiteko. Gatazka hau gehien hazten duena da hutu gerrilla taldeek erasoak burutzea Ruandan, eta herrialde honetako indar armatuek mendeku oldar egiteak burutzea Kongoko Errepublika Demokratikoan.
Kigali eta MONUC zuhur
Gatazka honekin bukatzeko asmoa azaltzearren, hauxe iragarri zuen atzo Ignace Murwanashyakak. «FDLRk jakinarazten du Ruandan burututako erasoaldi armatuak bertan behera uzten dituela eta borroka bide politikoetatik aurrera eramateko asmoa daukala». Are gehiago, honako hau gaineratu zuen hutu gerrillako buruak: «FDLRk Aintzira Handietako eskualdean gertatutako terrorismoa eta nazioarteko zuzenbidearen aurkako gainontzeko krimenak gaitzesten ditu eta horien egileak identifikatzeko eta zigortzeko xedez nazioarteko ikerketa bat abian jartzeko eskaria egiten du».
Aldarrikapen horrek, baina, Ruandatik ihes egindakoen arazoa konpondu beharra planteatzen zuen, eta ondorengo hau zioen: «Errefuxiatuek Ruandarat bueltatzeko aukera izan behar dute, nazioarteko arauetan finkatutakoarekin bat, giza eskubideak eta askatasunak bermatuta dituztela». Ororen buru, «legezko borroka politikoaren alde eginda eta borroka armatua bertan behera utzita, FDLRk irmoki aldarrikatzen dute, Ruandan ez ezik, Aintzira Handiko eskualdean dauden gatazkak konponbidean jartzeari lagundu nahi diotela» ondorioztatzen zuen Murwanashyakak atzo irakurritako aldarrikapenak.Iragarri honi ihardukita, hauxe adierazi zuen atzo Ruandako presidente Paul Kagameren aholkularia den Richard Seziberak: «Borroka armatuari uko egiten baldin badiote, armak utzi egin behar dituzte, hori egiten hastearekin ikusiko dugu euren asmoak zinezkoak direnetz; gure aldetik, berriz, Ruandara sartu nahi izango duten guztiei aukera hori emango diegu». Nazio Batuen Erakundearen Ruandako misioaren (MONUC) eledun Mamadu Bahek ere antzeko hitzak izan zituen. «Hitzak obratu egin beharko dira; dagoeneko armak utzi nahi izango dituzten gerrillariei harrera egiteko sei kokagune eratu ditugu», azaldu zuen atzo MONUCeko bozeramaileak.
-
Ruandako gatazka
1988-1990: Ruandako etnia hutu (populazioaren %85) eta tutsien (%15) arteko borrokak zirela eta, Fronte Patriotiko tutsiek Ruanda inbaditu zuten, Ugandatik.
1993. urtea: Gerra zibila bukatzeko eta boterea hutuen eta tutsien artean partekatzeko akordioa sinatu zuten Tanzanian.
1994ko apirilaren 6a: Ruandako presidente Juvenal Habyarimana hutua eta Burundiko presidente Cyprien Nytartyamira Kigalira zeramatzan hegazkinaren kontra misil bat jaurti eta hegazkinak lurra jo zuen. Biak hil ziren.
1994ko apirilaren 7a: Hutuek tutsien eta hutu moderatuen kontrako sarraskia abiatu zuten.
1994ko uztaila: Ruandako Fronte Patriotikoak hiriburua hartu eta gobernua osatu zuen.
1994-96: Hutuek Kongoko errefuxiatu guneak kontrolpean hartu zituzten.
1996: Ruandako Armadak hutuen errefuxiatu guneei eraso zien.
2002: Ruanda eta Kongok bake itun bat sinatu zuten. erretiratuko zituen eta Kongok genozidioaz akusatutako hutuak desarmatuko zituen.