Galiziako Xuntarako PPko presidentegai Alberto Nuñez Feijook gaur esan du ez duela ikastetxeetan "inolako hizkuntza inposaketarik" nahi, eta Galescolak (galiziera oinarri duten ikastetxeak) "bukatu" egingo direla. Orain arte PSdG-BNG koalizio gobernuak indartutako hezkuntza eredua atzera bota nahi du Feijook, eta haur eskoletan gurasoek beren seme-alaben hizkuntza aukeratzeko posibilitatea "ahalbidetuko" duela adierazi du. Joan den igandean Galiziako Legebiltzarrerako eginiko bozetan PPk gehiengo absolutua berreskuratu zuen.
Parte-hartzea duela lau urte baino sei puntu altuagoa izan zen, %70,46koa, eta horrek PPri egin zion mesede beste inori baino gehiago. Alberto Nuñez Feijoo zerrendaburu zuen taldeak 39 eserleku eskuratu zituen -38 behar dira gehiengo osorako-. PSGk 24 lortu zituen eta BNGk 12. PSG egon da azken lau urteetan agintean Galiziako Xuntan, BNGrekin koalizioan. PPk aurreko legealdian 37 legebiltzarkide zituen, PSGk 25 eta BNGk 13.
Feijook "ñabardurarik gabeko askatasuna bermatzen duen hizkuntza proposamena" egingo duela iragarri du gaur, baina ikasleen gurasoek galizieran oinarritutako hezkuntza hautatuko balute ere, hezkuntza sistema ez duela bikoiztuko azaldu du.
Hezkuntza alorreko aldaketa horiek gauzatu ahal izateko Galizieraren Dekretua ezabatuko du PPk, Feijook Espainiako Cope irratiari adierazi dionez. "Dekretu horrek inoiz egon ez den hizkuntza gatazka piztu du Galizian". Azkenaldian irakaskuntza elebidunaren eta galizierari lehentasuna ematearen aldeko ekimen batek hamaika protesta egin ditu, eta liskarrak sortu dira galizieraren aldeko taldeekin.
Feijooren asmoek polemika sortuko dute, seguruenik, eta oso litekeena da galizieraren aldeko talde eta erakundeek (Mesa Pola Normalizacion Linguistica, kasu) horren aurkako mobilizazioak egitea.
Bestalde, Legebiltzarrean hitz egiten duenean zein hizkuntza erabiliko duen galdetuta, Feijook esan du oro har galizieraz ariko dela. Xuntaren eta gainerako administrazioen oharrak, ordea, gaztelaniaz eta galizieraz egingo dituztela azaldu du.
Bere ustez, Galizian "galizieraren erabileraren galera" gertatzen ari da, "seguraski aurreko gobernuaren [PSdG-Bloke Nazionalista Galiziarraren koalizioa] hizkuntza politika txarragatik eta hizkuntza ezartzeagatik".
Galizia
Feijook esan du Galescolak "bukatu" egingo direla
Galiziako Xuntarako PPko presidentegaiak gaur esan du ez duela ikastetxeetan "inolako hizkuntza inposaketarik" nahi. Orain arte PSdG-BNG koalizio gobernuak indartutako hezkuntza eredua atzera bota nahi du Feijook.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu