Hamalau urteko etenaldiaren ondoren, Fine Gael alderdia boterera itzuliko da Irlandako Errepublikan. Hautesleek oso gogor zigortu dute orain arte agintean zegoen Fianna Fail —lehen botoen %42 jaso zituen, eta orain %15 jaso ditu—. FF zein FG alderdi kontserbadoreak dira.
Irlandako bozketa sistema nahasia dela-eta, atzo iluntzean artean ez zegoen garbi zenbat aulki izango dituen FGk Dail Eireann edo parlamentuan. Inkestek botoen %36 ematen zizkioten, eta horri esker oraingo 51 diputatuei beste 25 inguru gehitzeko moduan zegoen. Emaitza hori gaur baieztatuko balitz, FGk bi aukera izango lituzke gobernua osatzeko: independente batzuren laguntzarekin bakarrik agintzen saiatzea, edo Alderdi Laboristarekin koalizioa sortzea. Azken aukera horren alde egin zuen FGko burukide Micheal Noonanek, «independenteak asetzea oso garestia delako». Finantza ministro izateko aukera handiak ditu Noonanek.
Laboristek «FGren monopolioaren» aurkako deia egin dute berriro kanpainaren amaieran, eta erantzun ona izan dute, botoen %20 jaso baititu. Lor ditzakeen 35 diputatuetatik asko Dublinen eskuratu ditu, hiriburuan alderdi nagusia izan baita.
Doi-doi kontrakoa gertatu zaio FFri, Dublinen zituen hamahiru aulkietatik bakarra lortzeko itxura baitzuen atzo. Historikoki Irlanda hegoaldeko alderdi hegemonikoa izan dena hirugarren geratu da, eta parlamentua desegitean zituen 72 aulkietatik 25 ingururi eutsiko die. Dailen sartzea lortu duen ministro ohi bakanetakoa izan da Micheal Martin, FFko lider berria. Brian Cowen azken bi urteotako taoiseach edo lehen ministroak politika utzi du.
FFren atzetik, laugarren Sinn Fein izan da, botoen %10 bilduta. Gerry Adams alderdiko presidentea lehen aldiz lehiatu da Irlanda hegoaldeko parlamenturako, eta aise eskuratu du Louth konterriko aulkietako bat. Bost diputatuak parlamentura itzuliko dira, eta haiekin batera beste hainbat diputatu berri. Errepublikanoek oso gogor egin dute kanpainan FFk, FGk eta laboristek onartzen dituzten murrizketa neurrien aurka, eta haserrearen botoaren zati handi bat eskuratu dute.
Ildo horretako botoak jaso dituezkerreko talde txikien ULA batasunak ere. Baliteke lau aulki lortzea. Berdeak, ordea, kanpo geratuko dira. Azken bost urteotan FFren koaliziokide izan dira ekologistak, eta horiek astindu dituen haize bortitzak aurretik eraman ditu.
Kenny, gobernuburu berria
Koalizioan edo koaliziorik gabe, Enda Kenny FGko liderra (Castlebar, 1951) izango da hurrengo gobernuburua. Daileko kidea da 1975ez geroztik, Henry Kenny aitak utzitako aulkia irabazita. 1994ik 1997ra Turismo eta Merkataritza ministro izan zen FGren eta laboristen arteko koalizio gobernuan, eta FGko liderra da 2002az geroztik.
Pertsonalki garaipen handia izan da Kenny. Karisma gutxiko politikaria izanik, uda partean kargutik kendu nahi izan zuten FGko parlamentarien erdiek, baina eutsi egin ahal izan zion lidergoari. Azken hilabeteotan bere irudia indartzea lortu du, eta garaipena ziur izanda, kanpaina ona egin du.
Fianna Fail hondoratuta, Fine Gaelek alde handiz irabazi du Irlandan
Laboristen emaitza onek gobernuan sartzeko aukera eman diote, eta Sinn Feinek aulki gehiago izango ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu