Lastozko txapela buruan eta alkandora koadroduna soinean. Eskuin eskua bastoi metalikoan gakotuta eta eskuina aurpegiaren parera altxatuta. Aire librean eta masustondo artean. Kameraren aurrean hizketan eta ostiraleko Granma egunkariaren ale bati begira. Miamiko kazetari zenbaiten arabera «hila» eta Espainiako egunkari baten arabera «hilzorian» omen zen Fidel Castro bizirik agertu da, bere heriotzari buruzko hamaikagarren zurrumurrua gezurtatuz. «Zoritxar iragarleok! Ez dut gogoan zer den buruko mina bera ere. Argi gera dadin zenbaterainoko gezurteroak zareten, artikulu honekin doazen argazkiak oparitzen dizkizuet».
Fidel Castro hilzorian dago artikulua. Kubako Iraultza 1959an garaile gertatu zenetik 2008raino uharteko agintari nagusi izan zenak, Fidel Castro Ruzek sinatuta. Eta bost argazki. Haren seme Alex Castrok eginda. Atzo argitaratu zituen Cubadebate webgune ofizialak.Plaza horretan argitaratu ohi zituen CastrokFidelen gogoetak;ekainaren 19an plazaratu zuen azkena. «Ez da nire rola gure prentsako orrialdeak hartzea, herriaren beste behar batzuetarako baitago», dio atzoko idazkian. «Gustuko dut idaztea eta idatzi egiten dut. Gustuko dut ikastea eta ikasi egiten dut.
Aurreko argazkia
Herenegun, Castroren beste argazki bat argitaratu zuen Venezuelako lehendakariorde izandako Elias Jauak. Argazki hura, Jauaren esanetan, Castrorekin Habanako Nacional hotelean egindako bilera batean aterea zen. Bilera bukatu zenean, Castro hango lorategietan pasieran ibili zela esan zuten bertako langileek. Hedabide zenbaitek, hala ere, ez zion sinesgarritasun handirik eman irudiari, «lausoa» zela argudiatuta. Castro «mamuen antzera» agertu zela esan zuten, eta, haren osasun egoera auzitan zegoen garaiotan, Kubako agintarien mesederako haizatu zutela. Argazki horretan lastozko txapela buruan eta koadrozko alkandora soinean ageri da Castro, Cubadebate-n atzo argitaratu zituzten bost irudietan bezalaxe.
Aldiro zabaldu ohi dira Fidel Castrorenheriotzari buruzko zurrumurruak. 86 urte dauzka egun, duela lau urte utzi zuen erabat agintea, 2006an jakinarazitako osasun arazo zenbaiten ondorioz. Aurtengo martxoaren 28an egin zuen azken agerraldi publikoa, Benedikto XVI.a Habanako Nuntziatura Apostolikoan bisitatuta.
Fidel Castrok bere argazkiak eta artikulu bat eman ditu argitara
Kubako presidente ohiak gezurtatu egin ditu hila zela zioten albisteak, 'Cubadebate' webgunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu