Lasaitasunerako mezua helarazi zien atzo Gloria Macapagal Arroyo presidenteak herritarrei, ordurako armadak kontrolpean zuelako senatari eta armadako buru izandako Antonio Trillanesek eta Danilo Lim jeneralak zuzenduriko mutina. Hala ere, Gobernuak aparteko segurtasun neurriak jarri zituen martxan -bost orduko etxeratze agindua Manila hiriburuan eta inguruko probintzietan, eta kontrolak errepide nagusietan-, eta Poliziak 872 lagun atxilotu ditu. Identifikatu ostean, libre utzi dituzte.
Atxilotutako gehienak, Avelino Razon poliziaburuak esan duenez, "etxerik gabeko adin txikikoak, kalean bizi diren helduak eta etxeratze aginduaz ezer ez zekitenak dira". Gauerditik goizeko bostak arte ezarri zuen neurria Gobernuak. "Bakea izan dugu gauean, ez direlako izan istiluak. 872 atxiki ditugu", adierazi du Razonek.
Manilako Makati auzoko hotel dotore batean sartu, eta zazpi orduz kinkan jarri zuten Filipinetako Gobernua; presidentearen dimisioa eskatu zuten, ustelkeria egotzita. Mutinak jarraipen urria izan zuen, ordea, eta armadak kontra egin zien altxatuei. Auto blindatu batekin hoteleko atea bota zuten, eta negar gasak bota zituzten barrura. Eskuburdinak jarrita, errendizitzea onartu zuen Trillanesek: «Atera egingo gara, denon segurtasuna bermatzeko».
MUndua
Filipinetako Poliziak ia mila lagun atxilotu ditu etxeratze agindua dela-eta
Gloria Macapagal Arroyo presidentearen kontrako mutinagatik hartu du neurria. 872 lagun atxilotu ditu eta, identifikatu ostean, libre utzi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu