Fine Gael eta haren lider Enda Kenny gora egiten ari dira inkestetan

Gilmore laboristen liderrak ohartarazi du «boterearen monopolioa» izan dezakeela FGk

Iker Aranburu.
2011ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Hauteskundeetarako lau egun baizik falta ez direnean, Fine Gaelek (FG) gobernatzeko laboristen ala independenteen sostengua bilatuko duen jakitea da zalantza nagusia. Irish Times egunkariak atzo kaleratutako inkestaren arabera, FGk botoen %37 lortuko lituzke, %19 laboristek, %16 Fianna Fail gobernuko alderdiak, %11 Sinn Feinek eta %15 hautagai independenteek.

FG eskuindarra gora egiten ari da etengabe kanpaina hasi zenetik, eta agian independente gutxi batzuren laguntzarekin gobernatzeko aukera dutela erakusten dute inkestek. Aukeraketa horrek bazterrean utziko lituzke orain arte FF ordezkatzeko ezinbesteko formulatzat jotzen zena; hots, FGren eta Alderdi Laboristaren arteko koalizioa.

Gobernutik kanpo ikusteko aukera ikusita, Eamon Gilmore laboristen liderrak dei egin die hautesleei alderdi bakarrari «boterearen monopolioa» ez ematera. Inkestetan koalizio gobernuak formularik aukeratuena izateak erakusten du, haren ustez, hautesleak «orekaren bila» dabiltzala. «Eta hori bada nahi dutena, Laborismora jo beharko dute».

Inkestetan aspaldi FG aurretik duen arren, politikaririk estimatuena Gilmore bera izan da, oraintsu arte. Irish Times-en inkestan, lehen aldiz, Enda Kenny FGko lider ez karismatikoak hartu dio aurrea: %34k gogoko du —duela bi aste baino hamar puntu gehiago—. FFko Micheal Martinek %22 jaso ditu, eta %21 Gilmorek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.