Finlandian Europaren aurkako jarrera gailendu da kanpainan

Niinisto kontserbadoreak du aukera gehien etzi presidentetzarako bozak irabazteko; Soini ultraeskuindarra gertu izango duEskuin muturreko Benetako Finlandiarrek sekulako igoera izan dute denbora gutxian

Ane Urrutikoetxea.
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Europarekin haserre daude finlandiarrak. Ez dute ulertzen zergatik ordaindu behar dituzten beste herrialdeen oker ekonomikoak. Garesti ari zaie ateratzen Portugal, Grezia, Irlanda eta gisako herrialdeen erreskate ekonomikoa, eta horrek eragin zuzena izan du Finlandiako politikan. Alde batetik, kontserbadoreek igoera nabarmena izan dute, sozialdemokraten politiken huts egitearen ondorioz; eta, bestetik, eskuin muturrak eta euroeszeptikoek sekulako indarra bereganatu dute, krisi ekonomikoak sortutako haserrearen eraginez.

Horrela, Finlandiako Legebiltzarrean Kokoomus Koalizio Nazionaleko alderdi kontserbadorea lehen indarra bihurtu da, eta oposizioko boterea Benetako Finlandiarrak eskuin muturreko alderdiaren esku dago. Etzi presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte, eta inkesten arabera kontserbadoreek abantaila duten arren, Benetako Finlandiarrek badute irabazteko aukerarik.

Finlandiarrek zorrotz defendatzen dituzte haien gizarte politika eta baliabide publikoak. Europako ongizate mailarik onenetakoa dute, eta ez dute galdu nahi, ez dute-eta egun batetik bestera lortu, eta askok oraindik gogoan dute 1990eko hamarkadan Finlandian izandako krisi ekonomikoa. Kihnio herriko Petri Luukku alkatearen esanetan, Europa hegoaldeko herrialdeen erreskate ekonomikoak eskuin muturreko alderdien aldeko joera bultzatu du. «Gaur egungo krisia baino motelaldi ekonomiko okerragoa jasan genuen duela bi hamarkada, eta gogor lan eginez aurrera ateratzea lortu genuen, inoren laguntzarik gabe».

Sozialdemokraten porrota

Europako politikaren azkenaldiko joerarekin bat eginez, Finlandiako sozialdemokratek beherakada nabarmena izan zuten iazko apirileko hauteskundeetan, eta presidentetza galduko dutela diote inkestek. Paavo Lipponen da orain arteko presidente Tarja Halonen ordezkatzeko aukeratutako hautagaia, eta esperientzia handiko politikaria den arren, inkestek ez dute haren aldeko emaitza onik iragarri. Sauli Niinisto alderdi kontserbadoreko buruak du presidentetza irabazteko aukera gehien. Niinistok ozta-ozta galdu zituen aurreko presidentetzarako bozak; Halonen sozialdemokratak irabazi zituen bigarren aldiz, baina aurreko hauteskundeen aldean, botoen jaitsiera nabarmena izan zen alderdiarentzat.

Niinistoren aldarrikapenetako bat presidentearen boterea murriztea da. Finlandiak murrizketa ugari egin dizkio presidente postuari azken urteetan, eta Parlamentuari botere gehiago eman. Besteak beste, presoei kartzela zigorra barkatzeko ahalmena dauka presidenteak, Parlamentuari baimenik eskatu beharrik gabe, eta eskumen hori kendu nahi du Niinistok. Hala ere, Niinistoren aldeko portzentajea jaitsi egin da azken hilabeteetan, oposizioko alderdien mesedetan, eta horrek presidentetzarako lehia handitu du. Sami Borg hauteskundeen ikertzailearen esanetan, alderdi kontserbadoreko hautagaiak badu aukera igandean gehiengoa lortzeko. Bestela, otsailaren 5ean bigarren itzulia egingo dute, eta martxoaren 1ean izendatuko dute presidentea.

Kontserbadoreen atzetik gertu dago Pekka Haavisto Liga Berdeko hautagaia. Europako Batasunaren alde dagoen bakarretakoa da, baina, alderdiaren indarra mantendu egin den arren, Benetako Finlandiarrek Parlamentuko hirugarren postua kendu zioten iazko apirileko hauteskundeetan.

Eskuin muturra, goraka

Hizlari trebea da Timo Soini Benetako Finlandiarren hautagaia, eta urte gutxian igo da Finlandiako politikaren lehen postuetara. Haren aurkakoek alderdia xenofoboa dela leporatu diote; izan ere, eskuin muturreko taldeek ordezkapena dute alderdiaren barruan, esate baterako Suomen Sisu izeneko taldeak. Haien ustetan, «ezin dira etnia ezberdineko kideak nahastu kultur aniztasunaren izenean». Dena den, Soinik entzungor egin die salaketei, eta ekonomian eta finlandiarren eskubideetan oinarritu ohi ditu bere hitzaldiak, muturreko ideiak inoiz aipatu gabe. Europaren aurkakoak dira haren hitz gogorrenak, eta Europako Askatasuna eta Demokrazia talde euroeszeptikoko kidea da. Jarrera horri esker, Benetako Finlandiarrek Parlamentuko hirugarren alderdia eta oposizioko alderdi boteretsuena izatea lortu zuten iazko apirilean, botoen %19 eskuratuta; 2007ko hauteskundeetako emaitzak %15,1 igotzea lortu zuten.

Brusela kezkatuta dago Benetako Finlandiarren arrakastarekin; izan ere, alderdiak badu Europako erabakiak oztopatzeko boterea. Finlandia da Europa osoan EBko erabakiak Parlamentuan bozkatzen dituen herrialde bakarra, eta eskuin muturreko alderdiak indar nabarmena du bertan. Presidentetza lortuta ere, indar hori handitzeko ahalmena izango luke, nahiz eta Finlandiako presidente postuaren botereak mugatuak diren.

Soinik jarraitzaile ugari lortu ditu azken urteetan, Europako Batasunaren eta euroaren aurkako aldarrikapenei esker. Soinik Finlandiako nekazarien eta ekoizleen interesak defendatzeko aitzakia erabili ohi du Europako eskaeren aurka egiteko. Greziari, Portugali eta Irlandari erreskate ekonomikoa ukatzea da haren hauteskunde kanpainako oinarria, eta EFSF Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsari egindako diru ekarpenak eteteko eskatu dio Finlandiako Parlamentuari.

Timo Soini Benetako Finlandiarren buruaren parean kokatzen dute Vayrynen, euroeszeptikoa hori ere. Paavo Vayrynen Zentroko Alderdiko buruak behin eta berriro adierazi du bera dela Niinistori aurre egiteko ahalmena duen bakarra. Ezaguna da Errusiarekin harreman ekonomikoak izateagatik; Vayrynenek askotan gogorarazi duenez, Vladimir Putin Errusiako lehen ministroarekin harremanetan izan da hogei urtez.

Parlamentuan ordezkatuta dauden gainontzeko hiru alderdiek ere aurkeztu dituzte presidentetzarako hautagaiak, nahiz eta inkesten arabera irabazteko aukerarik ez duten. Haien artean daude aurkeztutako bi emakumeak, Eva Bidaudet Suediar Herritarren alderdiko hautagaia eta Sari Essayah demokristauen alderdiko burua, hain zuzen ere. Azkenik, Ezker Aliantzak Paavo Arhinmaki aukeratu du alderdiko hautagai gisa azken unean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.