Lau urteko ikerketa amaitutzat eman du Jose Castro Palmako (Herrialde Katalanak) 3. Instrukzio Auzitegiko epaileak, eta Cristina Borboikoa Espainiako erregearen arrebaren inputazioari eutsi dio. Bi delitu fiskaletan beharrezko laguntzailea izatea leporatu dio epaileak. Pedro Horrach fiskalak, ordea, helegitea aurkeztu dio epailearen erabakiari, argudiatuz ez dagoela Borboikoaren aurkako frogarik.
Noos institutuko zuzendaritzako kide eta Aizoon enpresako bazkide izan zen Cristina Borboikoa, Iñaki Urdangarin senarrarekin batera. Castroren arabera, Urdangarinek ustez egindako bi delitu fiskaletan "beharrezko laguntza" eman zuen Cristina Borboikoak.