Kataluniako Gobernua legebiltzarreko lehendakari Carme Forcadellen "alboan" izango da, erantzukizun penalak eskatzen badizkiote Prozesu Eratzailearen Batzordearen ondorioei buruzko eztabaida onartzeagatik: "Oso larria litzateke zigor bidetik jotzea; parlamentarismoa gauzatu baino ez du egin", esan du Neus Munte gobernuko bozeramaileak.
Forcadellen aurkako neurriez gain, fiskaltzak eskatu du erantzun "gogorragoa" emateko auzitegiaren erabakiak betetzen direla ziurtatzeko eta bere ebazpenen desobedientzia saihesteko. Ministerio publikoak galdegin du pertsonalki ohartarazteko Kataluniako Parlamentuko Mahaiko eta gobernuko kideei, ez dezaten bide orri independentista gauzatzeko neurririk hartu.
Kataluniako Parlamentuak helegiteak aurkeztuko dituen galdetuta, Muntek azaldu du legebiltzarrak "bere burua defendatzeko eskubide osoa" duela. Junts Pel Si taldea bihar batzartuko da helegitea aurkeztearen inguruan erabaki bat hartzeko, eta beste hainbeste egingo du parlamentuko mahaiak ostegun goizean.