Espainiako Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak Balear uharteetako (Herrialde Katalanak) Gobernuko diruaz modu ilegalean jabetu izana egotzi dio Espainiako erregearen suhi Iñaki Urdangarini (Zumarraga, 1968). Noos institutua zenaren egoitza arakatzen ari da Espainiako Polizia, Palma Arena auziaren harira, eta Fiskaltzak uste du gobernuak Noosi emandako dirua Urdangarinen enpresen esku geratzen zela eta horiek "faktura eta aurrekontu faltsuak" egiten zituztela. Urdangarin izan zen Noosen presidentea 2005ean.
Balear uharteetako Gobernuak institutuari 2005ean eta 2006an 2,3 milioi euro eman zizkion turismoari eta kirolari buruzko bi jardunaldi antolatzeagatik. Ikerketako arduradunak uste dute jardunaldien benetako kostuaren eta Noosi emandako diruaren aldea bi milioi eurokoa dela.
Espainiako Errege Etxeak ez du adierazpenik egin nahi izan auziaz. "Justiziaren ikerketei buruz ez gara mintzatzen".