Ciutat morta dokumentalean jasotzen den lekukotza anonimoa ezin liteke froga gisa erabili". Horixe argudiatu du Bartzelonako Fiskaltzak kasua berriz irekitzeari uko egiteko.
Joan zen astean, Bartzelonako Udalak eta Kataluniako Parlamentuak aho batez eskatu zuten dokumentalean jasotzen diren datuak aztertu eta kasua berriz zabaltzeko. Eskaerak, ordea, artxibatu egin ditu Fiskaltzak.
Anna Maria Magaldi fiskalaren arabera, ez da aski lekuko ezezagun batek esatea ikertutako gertakariak beste era batera gertatu zirela eta haien erantzulea beste bat izan zela. "Dagoeneko irmoa den epai bat soilik gainbegira liteke auzipetuen errugabetasuna frogatzen duten informazio berriak agertzen direnan, eta hau ez da kasu hori".
Dokumentala urtarrilaren 17an eman zuten Kataluniako Telebistan, eta oihartzun handia izan zuen. Epaile baten aginduz bost minutu moztu zituzten, gainera, eta horrek are eta oihartzun handiagoa eman zion.