Aljeria

FLN Aljeriako alderdi nagusiaren jardun guztiak eteteko agindu du Justiziak

Aljeriako FLN Askapen Nazioaneko Frontearen jarduera guztiak eteteko agindua eman du herrialde hartako Justiziak. Urte askoz Aljeriako alderdi bakarra izana da FLN, eta, egun, alderdi nagusia da. Funtsean, alderdi barruko botere borroka dago erabaki horren atzean: Abdelaziz Bouteflika Aljeriako presidentearen eta Ali Benflis alderdiko buruaren arteko ezinikusia.

2003ko abenduaren 30a
13:15
Entzun
Amaitzear den urte honen hasieran piztu ziren FLN barruko ika-mikak, hain zuzen, zortzigarren batzarra egin zutenean. Batzar horretan, Ali Benflis FLNko idazkari nagusiaren proposamenak izan ziren garaile, eta hartu zituzten zenbait erabakiren xedea Abdelaziz Bouteflika Aljeriako presidentea eta FLNko kidea berriro ere lehendakaritzarako hautagai izatea galaraztea zen.

Batzarra amaitu eta gero, Benflis idazkari nagusiaren lerroarekin ados ez dauden hainbat militantek helegiteak aurkeztu zituzten hartu ziren hainbat erabakiren kontra, eta, orain, Aljerko Tribunalaren areto administratiboak arrazoia eman die, eta bertan behera laga ditu erabaki horiek guztiak. Baina, horrez gain, "egoera bere onera etorri arte", FLNren jardun guztiak eteteko agindu du, eta, era berean, alderdiaren diru kontu guztiak blokeatu ditu.

Datorren apirilean egingo dira lehendakaritzarako hauteskundeak Aljerian. Bouteflikak aurkezteko asmoa du, eta Benflisek hautagaitza hori eragotzi nahi du.

Benflis Bouteflikaren Gobernuko lehen ministro eta presidentearen konfiantzazko laguna izan zen iragan ekaina arte. FLNk, berriz, gehiengo osoa du Aljeriako Legebiltzarrean, eta, halaber, udal eta probintzietako gobernu gehienak ere alderdi horren esku daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.