Korsikako Nazioa Askatzeko Frontea 1976an sortu zuten, eta Korsikako independentziaren alde jarduten duen erakunde armatu nagusia da. Egoera politikoari ekarpena egiteko asmoz, 2014ko ekainean iragarri zuen jardun armatua eteteko asmoa. 40 urtean, hainbat banaketa izan ditu, eta horietako bat da Urriaren 22a.
Astelehen gauean eginiko adierazpen baten bidez, FLNC Urriaren 22ak jakinarazi du armagabetze prozesu bati ekiteko asmoa. Iazko abenduaz geroztik abertzaleek gehiengoa dute Korsikako Asanblean, eta euren esku dago Korsikako Kontseilua ere, eta hori historikotzat jo du erakunde armatuak. Armagabetzeko erabakiarekin, Korsikako "nazioaren eraikuntzari ekarpena" egin nahi dio, eta uste du "borrokalarien batasunak abiatutako bake prozesua indartzea" dela Korsikako egoera politikoaren bilakaeran laguntzeko "modu bakarra".